Skip to main content

Musika Zuzenean 300. Saioa ospatzeko musika festa

Prentsa oharrak

2025eko irailaren 3an, Donostian

2017 urtean abiatu genuen MusikaZuzenean TB saioa, eta urte hauetan guztietan 350 elkarrizketa baino gehiago egin ditugu, disko berriak eta Euskal Herriko musika eszenaren lagin bat erakutsiz astero-astero. Denboraldi berriarekin 300. saioa argitaratuko dugu, zifra borobila abiapuntu berri honetarako.

Disko berriak izan ohi dira MusikaZuzenean saioaren ardatza. Gurean gertatzen dena islatu nahi dugu, eta zer hobe disko berrien inguruko erreportajeak eginez baino. Urte hauetan guztietan 350 elkarrizketa baino gehiago egin ditugu, eta ez dugu talderik errepikatu denbora tarte honetan. Izan ere, hainbesterainokoa da gurean den musika sorkuntza, urtean egiten ditugun 50 saioak ez baitira nahikoa dena erakusteko. Elkarrizketatzen ditugun talde guztien hizkuntza nagusia euskara da, eta musikalki anitza da proposamena: rocka, punka, hardcorea, kumbiak, korridoak, soula, rantxerak edota heavy metala ekartzen ditugu gurera. Finean, egun Euskal Herriko musika eszenaren izebergaren punta erakusten dugu gure saioan, talde hasiberriei zein eta sortzaile beteranoei toki eginez.

Hori guztia ospatzeko, musika festa antolatu dugu irailaren 13rako Bilboko Bira Kulturgunean. Bertan, urte hauetan guztietan egindakoaren lagin bat ikusteko aukera izango da, eta aro berri honetako kareta eta sintonia berriaren aurkezpena egingo dugu. Ez da zuzeneko musikarik faltako hitzordu honetan: Gailu taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da The Rude Kids binilo selektoreen reggae pintxadarekin batera.

Denboraldi berriko lehen atala irailaren 18an argitaratuko da, eta hortik aurrera ostegunero izango gara zuen pantailetan gaueko 22.00etatik aurrera. Silitia, Ekiza, Hartz, Nhil edota Bellum taldeak igaroko dira, besteak beste, MusikaZuzenean saiotik epe laburrean.

 

Deskargatu prentsa oharra

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista