Tolosako inauterietako txupinazoa zuzenean eta dokumental bereziak Hamaikan

Prentsa oharrak
2026eko otsailaren 9an, Donostian
Tolosako inauterietako txupinazoa zuzenean Hamaikan
Otsailaren 12an, 2026eko Tolosako inauteriei hasiera emango dien txupinazoa zuzenean jarraitu ahal izango da Hamaikan.
11:15etatik aurrera Tolosako Plaza Zaharreko giroa jarraitu eta zuzenean ikusteko aukera egongo da. Pintxana txarangak botako duen txupinazoaz gain ordubeteko saio berezia izango da.
Tolosaldeko Atariak, 28 Kanalak eta Tolosako Udalak ekoitziko dute zuzenekoa eta Hamaikan egongo da ikusgai, baita http://www.hamaika.eus/zuzenean webgunean ere.
'Gutun bat Kottori' dokumentala izango da ikusgai Torturaren Aurkako Egunean
Otsailaren 13an, Torturaren Aurkako Eguna izanik, 22:00etan, Gutun bat Kottori dokumentala ikusteko aukera izango da.
Dokumental honetan, Jose Angel Altzuguren Perurena ‘Kotto’ beratarraren bizitzan zehar egindako ibilbide sakonaren historia erakusten da. Bitan espetxeratua izan zen, eta 2025. urtean bigarren espetxeratze horretatik 20 urte bete ziren.
Torturatua eta espetxeratua izan ondoren, egun gutxira, 2005eko urriaren 31n Soriako espetxean hilik aurkitu zuten. Dokumentalak bere heriotzaren zergatia aztertzen du, eta, aldi berean, bere bizitza errepasatzen du, senide eta lagunen testigantzak jasoz.
Dokumentala Garazi San Martin zuzendariak eta Ekhiñe Zapiain zuzendari laguntzaileak gidatu dute, eta ikusleek Kottoren istorioaren bidez torturaren eta errepresioaren ondorioak modu pertsonalean ezagutzeko aukera izango dute.
Larunbat eta igandean 'Momotxorroak: kaos baten istorioa' dokumentala emitituko da
Inauteriak direla eta otsailaren 14 eta 15ean, 22:00etan, Momotxorroak: kaos baten istorioa dokumentala izango da ikusgai Hamaikan.
Altsasuko inauteriak Europako inauteririk zahar eta arkaikoenetarikoak dira. XX. mendearen hasieran ospatu ziren azken aldiz, eta hamarkadetan zehar ia erabat ahaztuta geratu ziren. 1970eko hamarkadan, herriko adineko gutxi batzuek baino ez zuten inauteri haien oroitzapena gordetzen.
Horietako bat izan zen Ricardo Aldasoro. “Gure Etxea” elkartearen atarian, Patxi Goikoetxea gazteari egindako aipamen xume batek piztu zuen sugarra, eta horrek ekarri zuen Altsasuko inauteriak berreskuratzeko prozesuari hasiera ematea.
Momotxorroak: kaos baten istorioa dokumentalak berreskuratze horren nondik norakoak jasotzen ditu, bai eta inauteriaren jatorria, esanahia eta gaur egunera arte izan duen bilakaera ere. Irudi, testigantza eta memoria kolektiboaren bidez, dokumentalak herri baten nortasuna eta kultura ondarea berreskuratzeko egindako bidea erakusten du.
Dokumentala otsailaren 14an eta 15ean emitituko da, 22:00etan.
Eduki hauek guztiak LDT bidez eta hamaika.eus/zuzenean atarian ikusi ahal izango dira.






















