Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Sustatzeko Funtsa aurkeztu du, zortzi urtean 10.000 etxebizitza eraikitzeko
Ekonomia
Ane Garitaonandia Etxebarria
Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Sustatzeko Funtsa aurkeztu du, etxebizitza politikaren barruan lankidetza publiko-pribatua indartzeko asmoz. 2027an jarriko da martxan, eta lehen fasean, 2.100 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten da, alokairura bideratzeko.
Etxebizitza horiek "neurrizko" edo "alokairu eskuragarriko" prezioetan eskaintzea da helburua. Funts horrek 2.000 milioi bideratuko ditu, eta helburua da zortzi urtean 10.000 etxebizitza eraikitzea alokairuan neurrizko prezioan jartzeko. Funtsaren bidez, helburua da bizitoki horiek "erdiko klaseari" alokatzea: urtean 25.000 eta 60.000 euro arteko diru sarrerak dituztenei.
Horretarako, inbertitzaile pribatuen eta administrazio publikoen arteko lankidetza sustatu nahi du Jaurlaritzak. Azaldu dutenez, partaidetza publikoa izango du funts horren heren batek, eta pribatua, bik. Bizitoki horiei babes ofizialeko etxebizitzen araudia ezarriko zaie, baina ez ditu Alokabidek kudeatuko, baizik eta enpresa pribatuek, lehiaketa bidez ebatzita.

















