Maria Txibitek jakinarazi du Belateko obrak berriro lizitatuko dituztela
Ekonomia
Maite de Felipe Suso
Maria Txibitek, Nafarroako Gobernuko lehendakariak, jakinarazi du Belateko tunelak egiteko geratzen diren lanak berriro lizitatuko dituztela. UPNk eskatuta eman ditu adierazpenak asteazken honetan Foru Araubideko Batzordean. Azaldu duenez, “korapilatutako arazo bati konponbidea bilatu diote” eta baieztatu du “Belate berme tekniko, juridiko eta ekonomiko guztiekin egingo dela”.
Belateko tunelen obren prozedura “konplexua” izan dela nabarmendu du lehendakariak eta administrazioan irizpide tekniko eta juridiko desberdinak sortu direla azaldu du. Izan ere, obrak hasi eta gutxira, arduradunek 8,3 milioi euroko gainkostua proposatu zuten. Gobernuko Kontu Hartzaile Nagusiak espediente hori bertan behera utzi zuen, arrazoituz “gainkostuen parte handi bat justifikatu gabe zegoela”.
Gauzak horrela, gobernuak gainkostua ordaintzeko “aberastasun bidegabe” izeneko prozedura proposatu zuen. Zerbitzu juridikoek, berriz, aurreko astean, aukera hori atzera bota zuten. Beraz, gobernuaren konponbide bakarra, azaldu dutenez, enpresa arduradunekin kontratua suntsiaraztea da, aldeek atzera egin dutelako. Horrek, lehendakariaren arabera, espediente bat zabaltzea ekarriko du eta ondorioz trantsizio epe bat irekiko da. Behin hori gauzatuta, falta diren lanen lizitazioa egin beharko dute, hau da, lehiaketa horren irabazleak obrak amaitu beharko ditu.
Bestalde, Txibitek ziurtatu duenez, obrak 2030erako amaituta egongo dira.

















