Epaitegi eta komisaldegietako garbitzaileek eurekin bildu nahi ez izatea egotzi diote Eusko Jaurlaritzari
Gurean Gaur
Irailaren 19tik greban daude EAEko epaitegi eta komisaldegietako garbitzaileak eta Donostiako epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egin dute asteazken honetan. Hain justu, mugimendu feministaren Emakumeonganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunerako deialdiaren zita baliatuta.
Gipuzkoan, ELAk, LABek, UGTk eta ESK-k bat egin dute greba deialdiarekin. Garbialdi enpresak kudeatzen du komisaldegietako eta epaitegietako garbiketa zerbitzua. Eusko Jaurlaritzak azpikontratatutako zerbitzuak dira, beraz. Ba langileek salatu dutenez, erantzule den Jaurlaritzak ez du eurekin bildu nahi izan, baina Arartekoarekin hitzartu dute bilkura ostiralerako.
Soldata arrakalarena da, hain justu, greban dauden langileek gogorren salatzen dutena. Lan baldintzen negoziazioarekin hasi orduko, maskulinizatutako kale garbiketaren eta feminizatutako epaitegi eta komisaldegien garbiketaren arteko arrakala deuseztea nahi dute. Hiru sektoreen kasuan, administrazio publikoak azpikontratatutako enpresek egiten dute lan garbiketa zerbitzuan, baina desoreka handia dago batetik bestera. Prekarietate egoera horrek emakumeak kaltetzen dituela ere nabarmendu dute. Sektoreko gehiengoa izateaz gain, askok lanaldi partzialak dituztelako.
Sindikatuek negoziazioan proposatutako gainontzeko neurriei, dagokienez, berriz, Garbialdik ez du bere jarrera argitu. Sindikatuen ustez, negoziazioa iraunaraztea da enpresaren asmoa, komisarietako garbiketa zerbitzua esleitzeko pleguak argitaratzear daudelako eta soldata igoerarik lortuko ez balute, urteetarako izoztuta geratuko litzatekeelako. Hargatik, Garbialdi enpresari eta Eusko Jaurlaritzari exijitu diete har ditzatela neurriak diskriminazio egoera hori gainditzeko. Genero berdintasuna diskurtso hutsaletan geratu ordez, ekintza konkretu eta errealetan gauza dezatela.