Etxe kaleratzeen uholde berri baten arriskuaz ohartarazi dute euskal plataformek
Gurean Gaur
Higiezinen kredituen lege berrian, aurreratutako epe mugaren atzera eraginaren klausula mantentzen bada, bankuek etxe kaleratzeak egiteko aukera izango dutela salatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformek. Klausula horren bidez, hipoteka ordaintzeari utzitakoan maileguaren osotasuna eskatzeko aukera dute bankuek. Eta salatu dutenez, hipoteka iruzurrengatik bederatzi kuota baino gehiago zor dituzten familia zaurgarriak etxerik gabe utziko lituzketela bankuek.
Klausula hori Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak abusuzkotzat jotakoen artean dago, eta, ondorioz, hori baliatuta egin asmo ziren kaleratze prozedurak etenda geratu ziren. Iaz, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak bankuen aldeko mugimendua egin zuen, Europako auzitegiari hipoteken exekuzioaz galdetuta, aurreratutako epe mugaren atzera eragina aintzat hartuta. Ondorioz, 80.000 hipoteka exekuzio daude ebazpen zain.
Espainiako Diputatuen kongresuan asteazkenean egindako ekonomia batzordean, premiaz onartu nahi dute higiezinen kredituen lege berria. Eta kaleratzeen aurkako plataformek salatu dutenez, lege horren lehenengo xedapen iragankorrean aipatzen da aurreratutako epe mugaren atzera eragina. Kaleratzeen aurkako plataformek hipoteka kontratuetako klausuletatik bidegabeena dela hori salatu dute, Espainia mailan, egun indarrean dauden sei milioi hipoteketan ageri dena eta 600.000 kaleratze eragin dituena.
Hainbat gizarte eragile, alderdi politiko eta sindikaturen babesarekin egindako agerraldian, kaleratzeen aurkakoek eskaerak egin dizkiete euskal ordezkari publikoei. Hasteko, Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoei eskatu diete Espainiako Kongresuan dituzten diputatuek bozka dezatela higiezinen kredituen lege berriko lehen xedapen iragankorra ezabatzearen alde.
Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeei eskatu diete 2015ean hartutako konpromisoa bete dezatela, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, zein Gasteiz, Bilbo eta Donostia kaleratzerik gabeko lurraldeak izateko hartutako konpromisoari, hain justu.