Hala Bedik ez du Mozal Legeagatik ezarritako isuna ordaindu beharko
Gurean Gaur
2019, api. 24 - 13:04
Ertzaintzak 600 euroko isuna jarri zion, 'mozal legea' baliatuta. Epaileak dio ez dela frogatu kazetariak ertzainen aurka egin nahi izan zuela. Eusko Jaurlaritza zigortu du auzibideak eragindako kostuak ordaintzera. Hedabideak behin eta berriz salatu ditu prozesu judizialean izan diren trikimailu eta haien esanetan gezurrak direnak. 2017ko maiatzean jazotako gertakariengatik jarri zion isuna Ertzaintzak Saenz de Buruagari. Kazetaria Hala Bedirako ari zen lanean, Gasteizko Errekaleor auzoko argindarra moztu zuten eguneko operazioaren berri ematen. Hainbat hilabete geroago, Ertzaintzak isuna bidali zion, ertzainen aginduen aurka polizia hesia apurtzeagatik. Epaileak ondorioztatu du Kazetariak arau-haustea aurreikus zezakeela, baina ezin izan zuela saihestu; besteekin mugitu zela, jendetzaren mugimendua gelditu ezinik. Momentu hartan kazetariak ere salaketa jarri zuen: ertzain batek telefonoa lurrera bota ziolako, gertakariak grabatzen ari zela. Salaketa EAEko Arartekora eraman zuen. Ezin izan zuen auzibiderik abiarazi, ez zelako polizia identifikatzeko modurik egon. Epaia behin betikoa da, eta ezin zaio helegiterik jarri.