"Haustura demokratikoa" lortzeko, Espainiako Estatuko nazioak indarrak batzera deitu ditu Sortuk
Gurean Gaur
Gernika-Lumon egindako agerraldian, hainbat belaunalditako ia ehun kidez inguratuta, Espainiako Konstituzioa ezarri zenetik 40 urte betetzear direla, duela lau hamarkada egindako hausnarketa politikoan «bete-betean» asmatu zutela adierazi du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak.
Haren esanetan, ezker abertzalearen orduko analisiak "inoiz baino gaurkotasun handiagoa" du, geroz eta sektore gehiagok bat egin duelako irakurketa horrekin. Are gehiago, begi bistan uzten omen du autogobernua eta eskubideak inoiz baino zaurgarriagoak direla. Egoera horri aurre egiteko, Sorturen esanetan, ezinbestekoa da "78ko erregimenarekiko haustura demokratikoa", eta Rodriguezek aurreratu du haustura hori ez duela Espainiako Estatuak ekarriko, estatu barruko nazioek baizik.