Skip to main content

Kirola, impasse egoeran dagoen mundu mailako industria

Gurean Gaur

2020, api. 02 - 16:04
Koronabirusak munduaren ohiko dinamika guztiz geldiarazi du. Lanean, osasunean, aisialdian… edota kirolean, hori baita ondorioak gehien pairatzen ari den sektoreetako bat. Zuzenean, taldeka zein banaka, baina beti publikoarekin egiten diren ikuskizunak dira. Pasa den astean jakinarazi zenez Tokioko Olinpiar Jokoak 2021eko udan ospatuko dira. Beraz, urtebetez atzeratzea erabaki dute. Horrelako albisteak, bata bestearen atzetik etorri dira azken egunotan. Wimbledon, Londresen jokatzen den teniseko urteko hirugarren Slam handia bertan behera utzi dute antolatzaileek. Covid-19ak, historian bigarren aldiz, txapelketa ez ospatzea eragin du; aurrenekoa, bigarren mundu gerran izan zen. NBA, munduko saskibaloi ligarik onena, bertan bera utzi ez, baina partida asko jokatu gabe geldituko direla azaldu dute. Jokalariek soldaten %25eko jaitsierak onartuko lituzkete beraien sindikatuaren eta jabeen arteko negoziazioan hala erabakitzen bada. Txirrindularitzan UCI-k lasterketa guztiak bertan behera utzi ditu, gutxienez ekainera arte. Itzulirik handiena, Frantziako Tourra alegia, momentuz uztailerako mantentzen da, baina zalerik gabe korritzea guztiz alboratu dute.
Hamaika Telebista