Pentsiodunek azaroko "mobilizazio erraldoira" batzeko deia egin diete gizarteko hainbat sektoreri
Gurean Gaur
2019, eka. 10 - 17:06
Protestak handiagotu nahi dituzte eta horretarako langile, ikasle eta gizarteko beste hainbat kolektiborekin elkartu nahi dira. 17 hilabete daramatzate jada Euskal Herriko herri eta hirietan instituzioek egin dizkieten promesak aldarrikatzen. Aurreko astean elkartu ziren EAE eta Nafarroako pentsiodunen ordezkariak. Han ateratako ondorio bat azaldu dute gaur. Aberastasunaren %13a pentsioetara bideratuz gero, eskatzen duten gutxiengoa beteko litzatekeela, hain zuzen ere. Eskaera hauek Madrilera eramatea aurreikusten dute datorren udazkenean. Salatu dute 225.000 pertsona daudela EAEn eta Nafarroan 825 eurotik beherako pentsioarekin. Eskatzen dituzten 1.080 euroetatik urrun dago oraindik. Hala, mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute.