Skip to main content

Milaka lagunek etxebizitza eskubidea aldarrikatu dute greba orokorrean Iruñean

Euskal Herria

Gaizka Leitza Alduncin

2026-11-12 14:18
ilaka lagunek Iruñeko kaleak bete dituzte azaroaren 11ko greba orokorrean, etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren aurka. ELA sindikatuaren arabera, 25.000 pertsona elkartu dira mobilizazioan.

Goizean zehar, hainbat auzotatik abiatu diren zutabeek bat egin dute hirigunean. Manifestazioak bi kilometro baino gehiagoko luzera hartu du, eta Gazteluko plaza txiki geratu da bertaratutako guztiei harrera egiteko.

ELA, LAB, ESK, Steilas eta beste hainbat sindikaturekin batera, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak ere deitu dute greba orokorra.

Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, manifestariek eserialdia egin dute. LABek salatu duenez, Blackstone eta Catella funtsen jarduerak 675 familia etxetik kanporatzeko arriskuan jarri ditu.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistako bozeramaile Karla Pisanok hiru aldaketa nagusi aldarrikatu ditu: espekulatzaileak desjabetzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitzak gizarte beharren arabera antolatzea. Grebak langile klasearen interesen alde egiteko balio behar duela ere azpimarratu du.

Bestalde, ELAko Imanol Pascualek etxebizitza politikek porrot egin dutela salatu du. LABeko Igor Arroyok, berriz, greba orokorra arrakastatsutzat jo du, eta lan eskubideen eta etxebizitza eskubidearen aldeko borrokak bateratzearen garrantzia nabarmendu du.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista