Desokupacyl enpresaren Irungo etxegabetze saiakera atzera bota dute
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Ostegun honetan, Desokupacyl enpresak Irungo familia langile baten aurka egindako etxegabetze saiakera bertan behera geratu da. Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren arabera, enpresa “faxista”ko kideak familiari presioa egin eta mehatxuen bidez etxebizitzatik alde eginarazteko asmoz agertu dira, baina sindikatuko kideek aurre egin eta alde egitera behartu dituzte.
Sindikatuak azaldu duenez, familia horren egoeraren berri aste batzuk lehenago izan zuten, eta ordutik harremanetan egon dira enpresaren jardunaren aurrean antolatzeko. Eguerdi aldera iritsi dira Desokupacyl-eko kideak, baina alde egin dutenean, arratsaldean itzuliko zirela iragarri dute.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan, arratsaldeko 15:00etarako dozenaka lagun bildu dira familia babesteko. Hala ere, enpresako kideak ez dira berriro agertu.
Gertatutakoaren harira, sindikatuak salatu du enpresa horien jarduna ez dela okupazio kasuetara mugatzen, eta maizter erregularren aurka ere aritzen direla, jabeek etxebizitzatik kanporatu nahi dituztenean. Horren aurrean antolatzeko deia luzatu dute, eta nabarmendu dute oraingoan enpresak atzera egin duen arren, adi jarraituko dutela, izan ere, haien hitzetan, “beste edozein unetan berriro ager daitezke”.

















