Dirua biltzeko urteroko kanpaina abiatu du Seaskako Integrazio Batzordeak
Gizartea
Ane Garitaonandia
'Inklusioa, eperik gabe!' lelopean, kanpainak Seaskako ikastoletan elbarritasunen bat duten haurren inklusioan laguntzea du helburu. 116.000 euro bildu nahi ditu aurten, “gero eta handiagoak diren beharrei” erantzuteko. Egun, Seaskako 158 haur dira inklusio programaren batean, hiru laguntzaile bere gain hartzen ditu Integrazio Batzordeak, eta laster beste bat ere izango da; halaber, IEP Inklusio Egitura Pedagogikoan diren bost ikasgela dituzte Seaskako bost kolegioetan. Ikasle elbarriez arduratzen diren AESH laguntzaileen estatusa ere auzitan jarri dute Seaskak eta Integrazio Batzordeak, eta langile horien prekaritatea salatu.
Inoiz baino gehiago ikastoletako komunitatearen laguntza premiazkotzat jo dute Integrazio Batzordeko kideek. Hala, kanpaina babesteko deia luzatu dute. Gainera, diru bilketa indartzeko beste hainbat hitzordu iragarri dituzte. Hala, martxoaren 17an, jantzi hustea –arropa salmenta– eginen dute Lakarran, eta egun berean Itsas Laminen Korrika iraganen da, Angelun. Apirilaren 7an, berriz, Neska Korrikaren edizio berri bat antolatuko dute, Azkainen.

















