Skip to main content

Euskal Udalekuek “kriminalizazioa” salatu dute

Gizartea

Gaizka Leitza Alduncin eta Leire Llano

2026, eka. 16 - 14:06

Astearte honetan Euskal Udalekuek haienganako “kriminalizazioa” salatu dute sare sozialetan zabaldu duten bideoan. Udalekuetako kideek azaldu dutenez, Bernedoko udalekuan jarri dute fokua. Gainera, Bernedoko lehenengo txanda debekatu dutela eta, alternatiba gisa Durangon egingo dutela iragarri dute. Era berean, Goñi eta Abaigarreko udalekuak egingo dituzte.

Antolakuntzako kideek azaldu dutenez 2025eko udazkenean jarri zuten haien kontrako salaketa eta orduan ere hasi zen Euskal Udalekuen aurkako “kanpaina mediatikoa”. Momentuan bi prozeduren berri izan zutela adierazi dute antolakuntzakoek: alde batetik, salaketa batzuengatik irekitako ikerketa judiziala, eta bestetik, ikerketa administratiboa.

Udalekuetako kideek adierazi dute gaur arte ez dutela jakinarazpen formalik jaso eta Ertzaintzan, administrazioan eta epaitegietan galdetu duten arren, jaso duten erantzun bakarra “ez dagoela ez pertsona fisikorik ez elkarterik ere ikertu gisa identifikatuta” izan da.

Udalekuetako antolakuntzako kideek salatu dute ebazpen administratiboa lehenbizi hedabideei “filtratu” izana eta hedabideek publiko egitean jabetu izana.

Azkenik, babesa eman dieten Bernedo eta Euskal Herriko herritarrei eta erabiltzaileen familiei eskerrak eman nahi izan diete kideek.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista