LAB sindikatuak 2025-2026 ikasturteko ekintza sindikaleko informea aurkeztu du
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
LAB sindikatuak 2025-2026 ikasturteko ekintza sindikaleko informea aurkeztu du asteazken honetan. Sindikatuaren arabera, "ikasturte oparoa" izan da: 180 borroka antolatu ditu, eta horietatik 86tan greba baliatu du.
Ohiana Lopetegi LABeko bozeramaileak adierazi du euskal langileriak berriro ere antolakuntza eta borroka sindikalaren aldeko apustua egin duela. Haren esanetan, mobilizazioek erakutsi dute langile mugimenduak gaitasuna duela aldarrikapen sozialak eta politikoak agenda publikoaren erdigunean kokatzeko. Hala, sindikatuak berretsi du du borroka sindikala dela eskubideak eskuratzeko eta lan baldintzak hobetzeko tresnarik eraginkorrena.
Lopetegiren hitzetan, ikasturte honetako mugarri nagusietako bat 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko dinamika izan da. Informearen arabera, greba orokorrak eta aurretik egindako lanketak inflexio puntua ezarri dute eztabaida sozial eta politikoan, eta horregatik, datorren ikasturtean ere helburu horri eusten jarraituko dutela azaldu du.
Era berean, urtean zehar borrokari esker lortutako emaitzak nabarmendu dituzte, besteak beste, Lan Harremanetarako Euskal Esparruan, etxebizitza arloan eta industrian. Hala ere, kezka ere plazaratu dute sektore publikoan eman diren gatazkei dagokienez. Adierazi dutenez, langileek mobilizazioak egin behar izan dituzte behin akordioak eginda ere, eta horrek administrazio publikoak kudeatzen dituzten alderdiek negoziazio kolektiboari ematen dioten “balio eskasa agerian uzten du”.
Dena den, sindikatuak langileen antolakuntza indartzeko eta Euskal Herri justuago baten alde borrokan jarraitzeko konpromisoa berretsi du.

















