Nafarroako euskarazko hezkuntzan eztabaida dago murrizketen harira
Gizartea
Gaizka Leitza Alduncin eta Leire Llano
Asteazken honetan ‘Atzera pausorik ez!’ lelopean Nafarroako Ikastolen Elkarteak deituta elkarretaratzea burutu dute Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren aurrean, Foru Gobernuko sail honek hartutako erabaki “arbitrarioa” salatzeko asmoz. Departamenduak alde bakarrez eta inolako elkarrizketarik gabe erabaki du Nafarroako zortzi ikastolari datozen lau urteetarako itunak ukatzea edo murriztea. Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariaren arabera, “erabakia erabat arbitrarioa izan da” izan ere, “departamentuak jaiotza-tasa bereziki baxuko urtea hartu du erreferentzia gisa, sare publikoan ezartzen diren ratio eta irizpideak aplikatzea saihestuz.”
Pasa den astean Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, jaiotza tasak beherakada izan duela argudiatuz, datorren ikasturtean 33 gela itxiko dituela iragarri zuen. Horietatik, 14 gela itunpeko ikastoletakoak dira eta 19 eskola publikoetakoak, azken hauen kasuan, ia erdia euskarazkoak lirateke. Hala ere, ostegun honetan iragarri du “ez dela murrizketarik izanen Nafarroako sare publikoko 3 urteko ikasgeletan”. Hezkuntza departamentuak matrikulen behin-behineko zerrendak eta antolaketa berriz aztertu ditu eta eskola publikoen banaketa bere horretan uztea eta lerrorik ez murriztea erabaki du.
Erabaki honek Steilasek eskatutakotik gertuago dago. Izan ere, sindikatuak, Hezkuntza Departamentuak eginiko lehen itxiera jakinarazpenaren ostean, D ereduko ikasgelen murrizketa salatu eta “gelak ez ixteko langileen finkotasuna eta ratioen jaitsieraezinbestekoak direla ” azpimarratu zuen.

















