Skip to main content

Sarrea euskal udalekuari ezarritako debekua behertan behera geratu da

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, eka. 29 - 15:06

Diputazioak Sarrea Euskal Udalekuari ezarritako zigor administratiboa bertan behera utzi du epaileak. Aldundiak 9.000 euroko isuna eta hiru urtez aisialdiko jarduerak antolatzeko debekua ezarri zizkion udalekuari ekaina hasieran, azken bi urteetan jardueraren jakinarazpena ez egitea egotzita.

Sarreak ekainaren 22an aurkeztu zuen helegitea, eta behin-behineko neurri gisa jarduerak antolatzeko debekua etetea eskatu zuen. Ostiral honetan jasotako autoaren bidez, epaileak eskaera onartu du, eta errekurtso administratiboa ebatzi bitarteako inhabilitazio neurria baliogabetu du. Horrenbestez, Sarreak legez berriro ere aisialdiko jarduerak eta udalekuak antolatu ahal izango ditu.

Ohar bidez adierazi dutenez, auziaren jatorria Bernedoko udalekuetako dutxa mistoen inguruan sortutako polemika mediatikoa izan zen. Hortaz, azaldu dute horren ondorioz etorri direla presio politikoak eta salatu dute Aldundiaren ebazpena administratiboa baino, "guztiz politikoa eta ideologikoa" izan dela.

Hala ere, eta legezko oztoporik ez duten arren, Sarreak jakinarazi du aurten ez duela udalekurik egingo. Azaldu dutenez, egoera dela eta, ezinezkoa da haur eta gazteentzako eskaintza segurua bermatzea, beldurrik, mehatxurik eta oztoporik gabeko baldintzetan. Horren ordez, debekua iritsi zenean antolatutako ordezko eskaintzarekin jarraituko dutela adierazi dute.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista