Skip to main content

Seaskako ikasleek protesta egingo dute baxoko matematikako azterketa euskaraz erantzunez

Gizartea

Maria Blanco Martin

2026, Maiatza 05 - 15:05

Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko ikasleek iragarri dute datorren ekainaren 12an egingo den baxoko matematikako azterketa euskaraz erantzungo dutela. Erabakia Seaskako komunitateak babestu du, Bernat Etxepare lizeoan egindako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez.

Gaur egun, Ipar Euskal Herriko ikasleek baxoko azterketak frantsesez egin behar dituzte. Aurten, Frantziako Gobernuak lehen mailako ikasleek matematikako proba aurreratua gainditu behar dutela erabaki du, eta Seaskak proba hori euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu du. Ipar Euskal Herriko parlamentarien babesa jaso arren, Parisko gobernuak ez du proposamena onartu.

Ez da lehen aldia “desobedientziaren bidea” hartzen dutela. Esaterako, 2021an Etxepareko 40 ikaslek baxoko filosofiako proba euskaraz erantzun zuten eta brebeta euskaraz lortzeko ere hala egin zuten.

Ikasleek “injustizia berri hau” ez dutela onartuko adierazi dute, eta “irmoki” erantzungo dutela ohartarazi dute. Azken urteotan antzeko protestak egin dituzte, eta aurten ere desobedientzia ekimena abiatuko dutela iragarri dute. Haien hitzetan, “galtzen den borroka uzten den borroka da”, eta “belaunaldiz belaunaldi” jasotako lekukoa “ardura eta harrotasunez” hartuko dute.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista