SOS Arrazakeriak atxiloketak eta deportazioak salatu ditu
Gizartea
Leire Llano
Pasa den astelehenean SOS Arrazakeriak pertsona arrazializatuen egoera salatu zuen Nafarroako Espainiako Gobernuaren delegaritzaren aurrean. “Kanporatze prozesuak bizkortzen ari direla” salatu dute eta “arrazializatuak diren pertsonen identifikazio, atxilotze eta kanporatzeak azken asteetan handitu direla” gehitu du taldeak.
Mugak Zabalduz, Zabaldi, BDZ Nafarroa, Haritu, Dar Etxea, STEILAS Nafarroa eta AZTA atxikitu dira salaketa honetara, besteak beste.
Elkarteak azaldu du kanporatzeak bizkortu egin direla; “Leringo bizilagun bat 48 orduan kanporatua izan da, Iruñeko beste bat 72 orduan. Horrez gain, otsailetik atxilotuta dagoen Iruñeko auzokide baten kasuaren jarraipena egiten ari gara” . Kideek argi dute: “milaka pertsonari egonkortasunerako eta eskubideetarako aukera eman diezaiokeen ezohiko erregularizazio-prozesu baten atarian gertatzen ari da hau”.
Horregatik SOS Arrazakeriak elkartetik “deia egiten diegu erakunde publikoei, gizarte-erakundeei eta herritarrei praktika hauen aurrean jarrera har dezaten, eta duintasunean, justizia sozialean eta giza eskubideetan oinarritutako bizikidetza-eredua defendatu dezaten.”

















