Donostiako AZGAk mobilizazioa deitu du “elkartasuna antolatzeko”
Politika
Ainhoa Lainsa Merino
Donostiako Alde Zaharreko Gazteek mobilizazioa deitu dute “errepresioaren aurrean elkartasuna antolatzen jarraitzeko”. Pasa den ostiralean elkarretaratzea egin zuten udaletxearen aurrean, eta bertan adierazi zuten hainbat kideri isunak iristen ari zaizkiela.
Aurreko urteko maiatzean, hainbat gazte Udaleko osoko bilkurara bertaratu ziren “Guardetxeari elkartasuna adierazi eta udal gobernuari bilera-eskaera luzatzeko”. Haien esanetan, horren aurrean, “udal plenoaren protokoloa” bete beharrean, “Udaltzaingoa bertan zeuden kideen aurka oldartu zen”. Hori dela eta, AZGAko kide bat atxilotu eta beste bosten aurkako prozedura judiziala zabaldu zuten, “desordena publikoa, autoritateari atentatua eta lesioak eragitea” egotzita.
Gazteek adierazi dute Fiskaltzaren eskaeren zain daudela, baina espetxe-zigorrak espero dituztela. Hala, jakinarazi dute orain osoko bilkurara bertaratutako kide bakoitzari “800 euroko isunak iristen ari zaizkiola”, eta guztira “32.000 euro” liratekeela.
Oraingoan, salatu dute “okupazioa ez ezik, elkartasuna ere zigortu” nahi dutela. Horregatik, mobilizaziorako deia luzatu dute, martxoaren 15ean, Trinitate plazan, “errepresioaren aurrean elkartasuna antolatzen jarraitzeko”.


















