Skip to main content

Hauteskunde kanpainako bosgarren eguneko mezu nagusiak

Politika

Xabi Ealo

2026-11-17 13:42

Espainiako gorteak berritzeko hauteskundeen jira-biran, euskal alderdiek hainbat alorretan jarri dute arreta.

Gasteizen egin du agerraldia EH Bilduk eta posta bidezko botoa eskatzeko epea bi egunetan amaitzen den honetan, gogorarazpena egin nahi izan du Mikel Otero Kongresurako Arabako zerrendaburuak.

Gasteizen migrazioaz jardun du EAJk. Gorka Urtaranek Arana zentroaren parean egin ditu adierazpenak eta integrazioa-prozesuetarako eskumena eta baliabide gehiago eskatu ditu EAJk


Mitina egin du Alderdi Sozialistak Getxon, Patxi Lopez Bizkaiko zerrendaburuak ohartarazi du azaroaren 29ko hauteskunde orokorretan, “euskal autogobernua” ere jokoan dagoela.

PP ez dator bakarrik dio, Voxekin dator, eskubide eta zerbitzu publikoak murrizteko motozerra are handiagoa dakar, eta euskal autogobernua ukatzen du alderdi horrek. Hilaren 29an euskal herritarren autogobernua ere jokoan dagoela adierazi du, eta gauzarik bitxiena dela hura defendatzen duela dioen Ppk Voxen aldeko botoa eskatzen ari dela Gipuzkoan.

Etxebizitza hizpide izan du Fronte Zabalak. Etxebizitza eskuragarria izateko eskubidea bermatzeko proposamenak aurkeztu ditu Gasteizko Salburua auzoan. Edurne García eta José Damián García-Moreno Arabako Kongresurako hautagaiek alokairuko etxebizitza publikoen parkeari 70.000 etxebizitza gehitzea, eta prezioetan esku hartzea eta higiezinen espekulazioari aurre egitea defendatu dute. Alokairua 600 eurotan mugatzea aldarrikatu dute.

Amurrion izan da Garbiñe Ruiz Kongresurako Arabako zerrendaburua eta Tubos Reunidosen atarian, politika industrial publikoaren aldeko apustua defendatu du.

Geroa Baik pentsioen balioa etengabe handitzea defendatu du “erosteko ahalmenari eusteko” eta Gizarte Segurantzaren eskumena eskualdatzea eskatu du. Hala adierazi dute Pablo Azcona Geroa Bairen Kongresurako zerrendaburuak eta Mayte Espinosa Senaturako zerrendaburuak.

Alberto Nuñez Feijóoren bisita izan dute euskal popularrek, Eibarren egin dute agerraldia eta Jon Echeverria Gipuzkoako hautagaiak Hernanin pairatutako erasoa salatu du.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista