Maddalen Iriarte, Iker Casanova eta Laura Aznal proposatu dituzte EH Bilduko mahai politikoek maiatzeko hauteskundeetan hautagai izateko
Politika
Xabi Ealo Diaz
2027ko maiatzeko hauteskundeei begira hasi da izenen dantza, eta dagoeneko EH Bilduk jakitera eman du Maddalen Iriarte proposatu duela Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagai izateko. Gipuzkoako Mahai politikoak “hainbat arrazoirengatik” proposatu du Iriarte, besteak beste, bera hautagai zela 2023ko hauteskundeak irabazi zituela Gipuzkoan, horiek horrela, “lau urteotan egindako ekarpena eta lana aintzat hartuta eta erakutsi duen konpromisoagatik” proposatu du berriro ere hautagai.
Bizkaian ere, asteon iragarri du Bizkaiko Mahai Politikoak Iker Casanova proposatu duela berriro Bizkaiko Ahaldun Nagusigai, “Ezkerreko subiranismoaren proiektua ordezkatzeko pertsonarik egokiena” delakoan. Ildo berean, Bizkaiko Mahai Politikoak dio “azken lau urteotan egindako lan sendoarekin jarraitzeko eta Bizkaian EH Bilduk sabairik ez duela erakusten jarraitzeko apustua” egiten duela.
Nafarroan, aldiz, bertako lehendakaritzarako hautagai proposatu du Laura Aznal Nafarroako Mahai Politikoak. Herrialdeak “aurrera egitea ahalbidetuko duen azken hamarkadako lan sendoari jarraipena” emateko helburuarekin; izan ere, koalizio subiranistarentzat “ezinbestekoa da herritarren kezkei eta lehentasunei anbizioz erantzutea” eta “nafar eskuinak iraganeko ereduetara itzultzeko abiatutako ofentsibari irmoki” aurre egitea.

















