Garbiñe Aranburu: "Borroka guztiak konfluitzeko eta ofentsibara pasatzeko garaia da"

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Lan arloan gertatu diren langileen heriotzez hitz egiten ekin diogu elkarrizketari, eta salatu du "indarkeria patronala" direla, "ekidin daitezkeen heriotzak" direlako.

Hainbat agintariren ahotsan bolo-bolo dabilen hazkunde ekonomikoa izan du hizpide, eta galdetu du norentzat den hazkunde ekonomikori hori, eta nolakoa den. Zentzu horretan, nabarmendu du hazkunde ekonomikoa neurtzeko adierazle gisa BPGa kontutan hartzea "logika kapitalistari" erantzuten diola: "Lan guztiak ez dira kontuan hartzen, ez du bermatzen aberastasunaren banaketa justua, eta ez du kontutan hartzen hazkunde hori sortzeko uzten den aztarna ekologikoa ere".

ERTEak izan ditu hizpide, eta enplegu suntsiketa "apaltzeko" balio izan badute ere, enplegua defendatzeko bestelako neurriak hartu behar direla defendatu du, lan erreformen indargabetza, esaterako. Pentsionisten aldarrikapenei dagokienez, nabarmendu du pentsio sistema publikoaren aurkako neurri gehiago aurreikusten direla, eta zentzu horretan, kalera ateratzeko beharra nabarmendu du.

Greba orokorrari dagokionez, adierazi du borroka sindikalak ugaritu egin direla azkenaldian, eta "borroka horiek guztiak konfluitzeko eta ofentsibara pasatzeko garaia" dela azpimarratu du. Horrez gain, burujabetzan sakontzeko greba izango dela azpimarratu du, eta nabarmendu du burujabetzan aurrera egitea ezinbestekoa dela langileen lan eta bizi baldintzak erabaki ahal izateko.

Argindarraren prezioari dagokionez, salatu du "borondate politikoa" falta dela enpresa energetiko horiei mugak jartzeko. Etorkizunera begira, hezkuntza eta osasungintza indartzeaz gain, zaintza sistema publikoa sortzeko urratsak eman behar direla adierazi du.

Zerikusia duten artikuluak

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image