Hamaikanper saioa estreinatuko da maiatzaren 27an Hamaika Telebistan

Prentsa oharrak
2025eko maiatzaren 16a, Donostian
Datorren maiatzaren 27an, 22:00etan, Hamaikanper estreinatuko da Hamaika Telebistan, furgoneta, 4x4, autokarabana eta bestelako ibilgailu kanperizatuen lehiaketa berria. Saio honek bidaia, abentura, natura eta sormena uztartzen dituen kanper bizimodua erakutsiko du entretenimenduaren bidez.
Saioaren helburua ez da kanperizazio perfektuena aurkitzea, baizik eta nork bere neurrira egokitutako ibilgailuen sormena, jasangarritasuna eta egunerokotasunerako moldagarritasuna balioestea. @simonmontxu eduki sortzaile ezagunaren gidaritzapean, parte-hartzaileek hainbat erronka gainditu beharko dituzte euren ibilgailuekin: espazioaren erabilera, energia kudeaketa, jasangarritasun-neurriak eta eguraldi baldintzetara egokitzeko duten ahalmena, besteak beste.
Hamaikanper saioan, furgoneta bakoitza ez da lehiarako tresna hutsa izango. Ibilgailu bakoitzaren atzean dagoen istorioa eta bizipenak izango dira saioaren benetako protagonistak. Parte-hartzaileek beren bizi esperientzien berri emango digute eta mugitzeko askatasuna zein naturarekiko harremana nola bizi duten azalduko dute.
Zabalik dago izena emateko aukera
Lehiaketaren parte izan nahi dutenek oraindik badute aukera. Furgoneta, 4x4, autokarabana edo bestelako edozein ibilgailu kanperizatu duten guztiek eman dezakete izena, ez dago mugarik: familia, lagun talde, bikote edo norbanakoek har dezakete parte. Sormena, grina eta parte hartzeko gogoa behar dira eta euren ibilgailuak aurkezteko eta erakusteko nahia.
Estreinaldia: Maiatzaren 27an, 22:00etan
Hamaikanper saioaren estreinaldia maiatzaren 27an izango da, 22:00etan, Hamaika Telebistan. Lehen atalean, parte-hartzaileak eta haien ibilgailuak ezagutuko dituzte ikusleek, eta lehen erronkari aurre egingo diote. LTD bidez eta kable bitartez ikusteaz gain, www.hamaika.eus webgunean ere izango da eskuragarri, baita Android TBrako aplikazio bidez ere.






















