Skip to main content

24. Korrikaren jarraipen berezia eskainiko du Hamaikak

Prentsa oharrak

2026eko martxoaren 12an, Donostian

 Martxoaren 19tik 29ra Korrikaren jarraipen etengabea eskainiko du Hamaikak. 24 orduz jarraian, etenik gabe, Korrikaren ibilbidea eta une nagusiak zuzenean jarraitzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Ohiko telebista emisioaz gain, www.hamaika.eus/24korrika atarian, eduki guztiak nahieran eta edonon ikusteko aukera izango da, baita zuzeneko emisioa streaming bidez jarraitzeko aukera ere. 

Korrikaren hasiera Atharratzetik zuzenean

Martxoaren 19an, 14:00etatik 16:00etara, Korrikaren hasiera Atharratzetik zuzenean emango du Hamaikak. Hasiera ekitaldiko saio berezia EITB eta Kanalduderekin elkarlanean eskainiko da eta lehen kilometroetako giroa, protagonisten adierazpenak eta Korrikaren abiapuntuko une esanguratsuenak gertutik jarraitzeko aukera izango da.

Eguneroko jarraipena

Martxoaren 20tik 28ra, 9:00etatik 22:00etara, zuzeneko buletinak eskainiko dira orduro. Buletin horietan azken orduko berriak, bidali berezien konexioak, ibilbideko gertakariak eta Korrikari lotutako informazio eguneratua jasoko dira.

Saio bereziak hiriburuetatik zuzenean

Korrika hiriburuetara iristen den uneetan, Hamaikak zuzeneko saio bereziak eskainiko ditu. Iruñean, Gasteizen, Baionan eta Donostian izango dira saio bereziak Bilboko platotik gidatuta. Saio horietan gonbidatuak izango dira, zuzeneko seinalea eta bidali berezien kronikak eta hiriburuetako giroa uztartuko dira.

Korrikaren amaiera Bilbotik zuzenean

Martxoaren 29an, 9:30etik 13:00etara, Bilbotik zuzenean jarraituko da Korrikaren amaiera. Amaiera saio berezia izango da ikusgai, azken kilometroetako emozioa, une gogoangarrien errepasoa eta amaierako mezuaren jarraipen berezia eskainiko dira.

Kilometroaren erreserba eta deskarga

Korrikaren jarraipena osatzeko, Hamaikak webgune berezia jarri du martxan: www.hamaika.eus/24korrika. Atal horretan, Korrikarekin lotutako eduki guztiak nahieran ikusteko aukera eskainiko da, baita streaming bidez zuzenean Korrika jarraitzeko aukera ere. Gainera, aurreko edizioetan bezala, kilometroa erreserbatu eta deskargatzeko aukera ere egongo da, jarraitzaileek beren herriko kilometroa eskuratu eta gorde dezaten.

 

Deskargatu prentsa oharra

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista