Skip to main content

"Zaila izan da ikasketak etxetik jarraitzea"

Elkarrizketak

Ion Etxalar eta Mikele Lopez De La Hoz batxilergoa amaitu, eta unibertsitatean hasi dira ikasturte honetan. Pandemia garaia "nahiko zaila" izan dela dio, baina Mikelek adierazi du "konturatu gabe" pasa zaiola: "Nahiko arraroa izan da, baina, orain, perspektibarekin begiratuta, konturatzen naiz zenbat gauza galdu ditugun".

Pandemia garaian, klaseak online jaso zituzten, eta nabarmendu dute ez zutela gauza handirik ikasi: "Klase eta azterketa guztiak online egin genituen, eta zaila izan da ikasketak etxetik jarraitzea". Etxalarren arabera, ikasleen eta irakasleen arteko harremana zaildu egin du klaseak online izateak: "Minutu bateko zalantza argitzen zenuenerako, bost minutu pasatzen ziren. Gero, klasera bueltatu ginenean, inoiz faltan botatzea espero ez nuen gauzak bota ditut faltan: ondokoarekin hitz egitea, esaterako".

Mikeleren arabera, "oso zaila" izan da bigarren batxilergoa afaririk gabe, edota lagunekin irten gabe egitea. Horrez gain, gertuko lagunez gain, jende berria ezagutzea oso zaila izan da, eta hori faltan bota dute: "Selektibitatean konturatu nintzen lehenago bistaz ezagutzen nuen jendea, gure adin beretsuko jendea, toki berean elkarrekin ikustearen beharraz".

Etxalarrek ez du uste gazteak kriminalizatuagoak izan direnik, baina Mikeleren iritziz, gazteen aurkako jarrerak zabaldu dira pandemian.

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Hamaika Telebista