Image

All Stories

Koro Lopez de Sabando: "Gauzarik okerrrena izan da nire 3 urteko bilobari ezin muxurik ematea"

Koro Lopez de Sabandok "ongi" eraman du pandemia. Astean behin Landaretik ekartzen zion janaria semeak, liburuak izan ditu... "Gauzarik okerrrena izan da nire 3 urteko bilobari ezin muxurik ematea; hala ere, ezin naiz kexatu, ondo egon naiz".

Hainbat whatsapp taldetako kide dela kontatu digu Korok, eta adineko gehienek egoera ongi eraman dutela uste du. "Pribilegiatua" sentitzen dela dio: "Entzumenean arazoak dituena, edo ezin dutenak irakurri... horien egoera okerragoa da. Balkoian 20 buelta ematen nituen egunero-egunero, yoga ere egiten aritu da, pilates... Nire bizia ongi antolatu nuen, eta ez nuen kilo bakar bat ere irabazi. Egunero ariketa pixka bat egiteko disziplina izan dut". 

Komunikabideetako jarduna "itogarria" eta "jasanezina" izan dela azpimarratu du, eta filtroa pasatzea beharrezkoa izan dela dio. Erresidentzietan egon diren lagunak dituela dio, eta horiek "oso gaizki" pasa dutela adierazi du: "Kartzelan bezala egon dira, giltzapean, gelatik ezin atera, gela txikietan... hori kartzela baino okerragoa da adineko pertsonentzako; oso gaizki pasa dute". Lizarrako San Jeronimo adinekoen etxean, langileek beraiek erabaki zuten bertara bizitzera joatea, eta ez zen inor hil.

Gazteen inguruan zabaldu diren diskurtsoak ere izan ditu hizpide Korok, eta sortu zituzten elkartasun sareak aipatu ditu: "20 gazte joaten ziren zaharretxeetara erosketak bidaltzera; hori ez da esaten, eta hori ere esan behar da. Gazte guztiak zaku berean sartzen dituzte eta hori ere ez da zuzena". Adineko jendeaz gain, ume txikiek ere asko sufritu dutela adierazi du, eta uste du gizarteak orokorrean ez dituela gauza asko ikasi. 

 

 

Mikel Auza: "Kartzeletan bezala egon dira erresidentzietan"

Nafarroako Lan-Osasun sailaren arabera, pandemiak sekulako eragina izan du Nafarroko erresidentzietan. 5.500 egoiliar inguru bizi dira, eta lehenbiziko olatuan, guztietatik %35 gaixotu, eta %7 zendu ziren: "Oso datu latzak dira, eta arrazoia da erresidentzietan leku gutxi dagoela egoiliar guztientzat".

Manuel Auza Mikel Auzaren aita Vergel erresidentzian dago: "Jende asko dago bertan, baina ez daude masifikatuta". Hala ere, Auzak nabarmendu du "isolatuta" egon direla "kartzelako ziegetan egongo balira bezala". Pandemiak bere aitarengan eragin handia izan duela dio: "Pandemiarekin bizkortu egin da nire aitaren beheranzko prozesua". Auzak erresidentzietako baldintzak hobetu beharko liratekeela dio: "Ratioak igo ahal zituzten gure zaharrak hobeto zaintzeko... Gainera, ekimen publikoko zahar etxeek eta pribatuek ez dute zerikusirik; guztiek publiko izan beharko lukete", azpimarratu du.

Azken urteetan, zaintza-lanak egiten ari da Auza; ama alzheimerrak jota dago, eta aita erresidentzian du: "Dena eman digute, bizio gehiegi, eta hori igarri da. Orain nire bizitzaren denbora gehiena beraiekin pasatzen dut". Vergen erresidentzian ez ziren asko elkartzen, eta bost egoiliar soilik kutsatu dira: "Sekulako buelta eman beharko genieke zaintzei; oso garrantzitsuak dira".

Irati Goikoetxea: "Kulturaren bidez aberastu behar ditugu gure buruak"

Irati Goikoetxea 'Herriak ez du barkatuko' liburua egiten aritu da pandemia garaian: "Pandemia garaia onerako izan da nire antolaketarako, zenbait egiteko eten behar izan ditudalako, eta nire burua zentratu behar izan dudalako idazketan eta jolasean. Lan ordutegia malgutu ahal izan dut eta denbora tarte pertsonal hori idazketari eskaini ahal izan diot". "Oso lasai" igaro du egoera, eta pandemia "gozoa" eta "goxoa" izan dela dio.

Goikoetxearen esanetan, arriskua dago bizitako guztia segituan ahazteko: "Oso erritmo bizian bizi gara, eta erritmo horrek bizitakoak eta sentitutakoak pilatzen dizkigu. Zentzu horretan, biziraute nahi eta behar horretatik ahanzturarako joera izaten dugu". Hori horrela, egoera honek bide berriak urratzeko balio beharko lukeela dio: "Aukera eta baliabideak baditugu, gaitasuna badago, eta inertziak hausteko momentua izan daiteke". Zentzu horretan, adierazi du gelditzen eta ekiten asmatu behar dela, eta bereziki erakundeek apustu serioak egin behar dituztela azpimarratu du: "Geldialdi honetan kultur arloko hainbat ahotsek eskatu dute hau ezin dela gelditu; honi jarraipena eman behar zaio, eta kultura, sorkuntza lehen lerroan jarri behar dugu; kulturaren bidez aberastu behar ditugu gure buruak".

Era berean, adierazi du sorkuntza ez dela diruaren arabera baldintzatu behar: "Egiteko modu berriak baldin badaude, asma ditzagun moduak horri jarraipena emateko, diruak eta ekonomiak baldintzatu gabe".

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Lander Majuelo: "Kulturaren funtzio soziala jarri behar da erdigunean"

Lander Majuelo editoreari Igela argitaletxeko erreleboa hartzea tokatu zaio pandemia garaian. Zentzu horretan, adierazi du aldaketa handi hori eta pandemiak eragindako egoera nahastu direla: "Berez, argitaletxe gisa, balio izan digu aurrekoaren aitortza egiteko, eta norantza berri bat hartzeko presa gehiegirik gabe".

Pandemia garaian bi joera gertatu direla dio; alde batetik, bere iritziz, hainbat herritarrek liburuak baloratu dituela dio, eta bestetik, mundu mailako hainbat joera bizkortu direla azpimarratu du: salmenta digitala, Amazonen indartzea.. 2020ko Durangoko Azokan ere hori ikusi zela azpimarratu du.

Bere iritziz, "estres" egoera hauek ez dira onenak kultur esparru batek, herri batek norantz joan beharko lukeen erabakitzeko: "Irudi berritu bat daukagu, eta orain argiago dugu hemendik aurrera zein gauza egiteak merezi duen, eta nondik heldu beharko geniekeen Nafarroan eta Euskal Herrian. Beste hizkuntza gutxitu batzuetako kideek inbidiaz begiratzen diote daukagunari, baina aldi berean, ez dago planik era iraunkorrean sortzeko, edozeinentzat irisgarria izango den kultura sortzeko, bizia izango dena eta beste gauza batzuk sortuko dituena, momentu jakin batean gizarte batek dituen kezkak, beharrak... landuko dituena". Zentzu horretan, adierazi du beti egon dela borondatea gauza berriak lortzeko, eta zentzu horretan, azpimarratu du belaunaldi berriek serio eta erradikalki esaten dutela pragmatikoki askoz hobeto egin behar direla gauzak.

Bere esanetan, kulturaren funtzio soziala eta kulturaren erabilera bizia (irakuzaletasuna, egitea, norberaren parte hartzea) erdigunean jarri behar dira kultur sektorea diru laguntza berrien bidez eta norantza industrial batekin indartu beharrean: "Kultur sistema hau osatzen dugunok gauza hobeak eskaini beharko genituzke elkarlanean".

Ikusi Altxa Burua osorik nahieran.

Angel Erro: "Oraindik ez dakit nola aterako naizen pandemiatik"

Angel Errorentzat oso urte "interesgarria" izan da arlo pertsonalean: "Hori ez da horrela izan denontzat, eta beldurra ematen dit norbait minduko ote dudan, baina nire bibentzia pertsonala hori izan da". Pozik dago gauza ezberdinak egin ahal izan dituelako, gauza ezberdinak bizi izan dituelako, eta beste era batean topatu delako bere buruarekin: "Nik uste nuen oso pertsona aterazalea nintzela, baina ikusi dut etxe-zuloa ere izan naitekeela, neure buruarekin gustura egon naitekeela; hala ere, urte nekagarria ere izan da".

Arlo profesionalean, artikuluak idazten eta itzultzen jarraitu duela dio; betidanik egin izan du etxetik lan, eta alde horretatik, ez du aldaketa handirik sumatu: "Beharbada egoera bitxia izan da beste kontu batzuengatik: enkarguak luzatu dira, gauza asko gelditu dira kili-kolo, eta beste batzuk bertan behera gelditu dira...". Errok azaldu duenez, sortze-lana egin du hilabete hauetan, baina ez du hainbeste idatzi: "Pandemiak balio izan dit aitzakia bat emateko neure buruari zergatik ez nuen idazten". Era berean, adierazi du idazteko garaian kaleko esperientzia falta izan zaiola hortik edateko. Ez da bere kasua izan, baina, sortzaile askorentzat pandemia "indartzailea" eta "fokalizatzailea" ere izan dela dio: "Lehendik berez emankorra zena horretara jarri da". Hala ere, ez du uste pandemiari buruzko liburu asko argitaratu direnik.

Gauza ugari planteatu direla dio: urbanismoa, etxegintza, denboraren kudeaketa... Hala ere, ezkorra da etorkizunari begira: "Ni ezkorra naiz, berez, eta gizarteari dagokionez, gauzak lehenera bueltatuko direla uste dut. Oraindik ez gara guztiz honetatik atera, eta oraindik ez dakit ni nola aterako naizen: jarraituko ote dudan etxean gustura egoten, desenfrenora egingo dudan... Uhinak atzera egingo du, eta oraindik ez dakigu zer geldituko den honetatik guztitik".

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Agurne Gaubeka: "Euskaraz bizi nahi dutelako ez dute eskubide gutxiago"

Agurne Gaubekak dioenez, inoiz baino kexa gehiago jaso zituzten alarma egoera ezarri zenetik uda sasoira arte; hain zuzen, adierazi du aurreko urtearekin alderatuta %66a igo zirela kexak. Kexa horiek zerbitzu sozio sanitarioekin zerikusia zutenak, hezkuntzarekin eta administrazio publikoarekin lotutakoak izan dira batez ere, herritarren ezin izan zutelako zerbitzua edota informazioa euskaraz jaso.

Osasungintza publikoari dagokionez, herritarrak kexatu dira ez zegoela inor euskaraz zerbitzua eskaintzen zuenik. Herritarrek jasotzen zituzten oharrak gaztelanian jasotzen zituzten, eta aplikazio berriak euskaraz erabiltzeko aukerarik ez zeukaten herritarrek. Osasungintzako zerbitzuak areagotu ziren arren, behar psikologiko eta psikiatrikoak zituztenek ez zuten euskarazko artatzerik jasotzeko aukerarik, "hori inoiz baino beharrezkoa zenean". Gaubekak ezinbestekotzat jo du herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzea zerbitzu ona izan dadin.

Gaubekak adierazi duenez, eremu euskalduneko osasungintzako profesionalek Arartekoari zein Nafarroako Gobernuari helarazi zieten herritarren hizkuntza eskubideak ez zituztela bermatzen, osasungintzako sistema osoa gaztelaniaz lan egiteko pentsatuta dagoelako: "Lan tresnak, formakuntzak, bilerak... gaztelaniaz izaten dira, eta horrek eragina du zerbitzu hori euskaraz eskaintzerako garaian". Telefono bidezko arretan zein arreta zuzenean, gutunak edota emailak jasotzerakoan hutsuneak sumatu dituztela dio Gaubekak: "Herritar askok esaten digute Nafarroako Gobernuari eskatu diotela euskaraz jaso nahi dutela informazioa, baina hala ere, gaztelaniaz jasotzen dute".

Gaubekak adierazi du askotan pandemia garaiko gainkarga erabili dela hizkuntza eskubide horiek urratzeko aitzakia gisa, baina Gaubekak azpimarrratu du alarma egoera amaitu ondoren ere berdin-berdin jarraitu dutela eskubideak urratzen: "Orain are antzeko urraketak egiten zituztela konprobatu dugu; alarma egoera amaitu zenean ere jakinarazpenak, gutunak.. gaztelaniaz bidaltzen zituzten".

Behatokiko zuzendariaren iritziz, administrazioek pertsonak hartu beharko lituzkete kontuan: "Euskal hiztunak gutxiago direlako alboratu egiten dira; kasu honetan, euskaraz bizi nahi dutenak alboratzen ari gara, eta euskaraz bizi nahi dutelako ez dituzte eskubide gutxiago; badago zer hobetu". Bestalde, Gaubekak azpimarratu du administrazio publikoek hausnartu beharko luketela pertsonen osasuna bermatzeko hizkuntza ere kontuan izan behar dela.

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

Amaia Nausia: "Emakumeen jarduna etengabea izan da pandemia garaian"

Amaia Nausiaren iritziz, historikoki krisialdietan emakumeengan erori da zaintza lanen ardura, eta berdina gertatu da orain ere: "Itxialdia hasi zenean esaten zen lanak banatuko genituela, biak etxean egonda zaintzak aldatuko zirela, baina kontrakoa ikusi da. Valentziako Unibertsitateak ikerketa bat egin zuen, eta hor agerian gelditu da itxialdiko pertsona estresatuenak telelanean ari ziren amak izan zirela". Itxialdi ondorengo ezegonkortasunean soldatarik gabeko oporrak edota jardunaldi murriztuak eskatu dituztenak emakumeak izan direla azpimarratu du. Adierazi du emakumeen jardunaldia etengabea izan zela: "Ez jardun produktiboak, ez eta zaintzarenak ere ez zuen amaierarik".

Bere esanetan, emakumeek ordaintzen dute prezio bikoitza horrelako krisialdien aurrean sistemak ez badu malgutasunez jokatzen: "Sistema kapitalista patriarkal honetan zaintza-lana aurreikusita ez dagoenez, ez du erantzun egokirik horrelako lurrikara batean aurrean. Horregatik, sistema aldatu behar dela aldarrikatzen dugu".

Nausiak nabarmendu du eskaintza unibertsala eta berdina izan behar dela, eta beraz, publikotasunaren aldeko pausoak eman behar direla azpimarratu du, horrek emakumeen lana murriztuko lukeelako eta gizartearentzako ere onurak ekarriko lituzkeelako: "Kapitalismoaren mantra da pribatizazioaren eskutik hobeto kudeatzen dela, baina hori ez da egia, interes ekonomikoak daudelako tartean. Estatuaren lana izan beharko litzateke giza-etekinari begiratzea".

Pandemiari aurre egiteko modua oso hierarkikoa, disziplinatzailea eta patriarkala izan dela nabarmendu du, eta adierazi du ongizatea osasuna baino gehiago den arren, buru osasuna eta beste ongizate mota batzuk ez direla zaindu: "Historiagilea naizen aldetik, gaur egungo moduek XVI. mendeko disziplinamendua gogoratu didate: esatu modernoa eraiki behar zenean, jarrera publikoak eta pribatuak indartu behar ziren bake soziala eraikitzeko eta estatua indartzeko, oso modu paternalistan, erru indibidualaren diskurtsoarekin, eta zentzu horretan, atzerapauso ikaragarria izan da".

Ikusi Altxa Burua osorik nahieran.

 

 

Nerea Fillat: "Zaintzarik gabe mundua ez da mugitzen"

Nerea Fillaten iritziz, sindemia honek ez du zaintzarik erdigunera ekarri. Zaintzen eztabaida oso sakona dela dio, eta hainbat tokitatik eutsi dakiokeela. Galdera luzatu du: Zer da zaintzak erdigunera ekartzea horrelako sindemia garaian?

Fillaten esanetan, umeak beren etxeetan sozializaziorik gabe itxita mantentzea, erresidentzietan adinekoak errespeturik gabe zaintzea, pertsonak bakarrik hiltzen uztea, etxetik kaleratu dituztenak edota paperik gabe daudenak gaizki tratatzea... ez da zaintzak erdigunea ekartzea: "Nire sentsazioa da zaintzei dagokienean ezer gutxi ekarri dugula erdigunera".

Fillatek nabarmendu du oso momentu gogorrak izan direla pertsona askorentzat, norbaitek egin behar izan duelako Estatuek bere gain hartu ez dituzten zaintza lanak: "baldintzarik egon ez bada ere, norbaitek zaintza lanak egin ditu, eta sistemak aurrera egin du, baina nork egin du hori?" Bere esanetan, Covid19a aitzakia izan da eguneroko estresa beste koska bat igotzeko, eta eguneroko estresaz hitz egiten denean, zaintzaren krisiaz hitz egiten dela dio.

Fillatek adierazi du zaintza erdigunera ekartzeko ezer gutxi egin dutela gobernuek: "Ez da erresidentzia publiko bat sortzeko planik egin, osasungintza publikoaren aurrekontua ez da bikoiztu...". Bere iritziz, "indar kolektiboa" falta izan da sakoneko aldaketak eragiteko: "Krisiaren ondoren aukera genuen hori dena gertatu ahal izateko, baina horretarako, ezinbestekoa da politikoki antolakuntza sakonagoa izatea. Ez zaio publikotasunari zentralitaterik eman, gizarte gisa ez dagoelako horren eskera edo oihartzurik, eta hor dago gure muga".

Ikusi Altxa Burua osorik nahieran.

 

 

 

"Kendu diguten guztia berreskuratu nahi dugu"

Chill Mafiako taldekideentzat hilabete arraroak izan dira pandemia garaikoak. Beren iritziz, gazteria kriminaliatua izan da, eta erakundeek gazteengan jarri dute gertatu denaren errua. Poliziaren presentzia oso handia izan dela diote, baina azpimarratu dute presentzia hori ezberdina dela Iruñeko auzo ezberdinetan; isunak ere jaso dituzte hilabete hauetan.

Lehengora bueltatzeko gogoz daudela dio: "Presiorik gabe parrandara ateratzeko, kontzertuak zutik ikusteko... kendu diguten guztia berreskuratu nahi dugu". Horrez gain, ez dute nabaritzen pandemiak herritarrak aldatu dituenik: "Nik ez dut mitifikatu nahi; pandemiatik ateratzen ari gara, baina bizitza oso zaila dugu aurretik".

Ikusi Altxa Burua saioa osorik nahieran.

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image