Agurne Gaubeka: "Euskaraz bizi nahi dutelako ez dute eskubide gutxiago"
Elkarrizketak
Agurne Gaubekak dioenez, inoiz baino kexa gehiago jaso zituzten alarma egoera ezarri zenetik uda sasoira arte; hain zuzen, adierazi du aurreko urtearekin alderatuta %66a igo zirela kexak. Kexa horiek zerbitzu sozio sanitarioekin zerikusia zutenak, hezkuntzarekin eta administrazio publikoarekin lotutakoak izan dira batez ere, herritarren ezin izan zutelako zerbitzua edota informazioa euskaraz jaso.
Osasungintza publikoari dagokionez, herritarrak kexatu dira ez zegoela inor euskaraz zerbitzua eskaintzen zuenik. Herritarrek jasotzen zituzten oharrak gaztelanian jasotzen zituzten, eta aplikazio berriak euskaraz erabiltzeko aukerarik ez zeukaten herritarrek. Osasungintzako zerbitzuak areagotu ziren arren, behar psikologiko eta psikiatrikoak zituztenek ez zuten euskarazko artatzerik jasotzeko aukerarik, "hori inoiz baino beharrezkoa zenean". Gaubekak ezinbestekotzat jo du herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatzea zerbitzu ona izan dadin.
Gaubekak adierazi duenez, eremu euskalduneko osasungintzako profesionalek Arartekoari zein Nafarroako Gobernuari helarazi zieten herritarren hizkuntza eskubideak ez zituztela bermatzen, osasungintzako sistema osoa gaztelaniaz lan egiteko pentsatuta dagoelako: "Lan tresnak, formakuntzak, bilerak... gaztelaniaz izaten dira, eta horrek eragina du zerbitzu hori euskaraz eskaintzerako garaian". Telefono bidezko arretan zein arreta zuzenean, gutunak edota emailak jasotzerakoan hutsuneak sumatu dituztela dio Gaubekak: "Herritar askok esaten digute Nafarroako Gobernuari eskatu diotela euskaraz jaso nahi dutela informazioa, baina hala ere, gaztelaniaz jasotzen dute".
Gaubekak adierazi du askotan pandemia garaiko gainkarga erabili dela hizkuntza eskubide horiek urratzeko aitzakia gisa, baina Gaubekak azpimarrratu du alarma egoera amaitu ondoren ere berdin-berdin jarraitu dutela eskubideak urratzen: "Orain are antzeko urraketak egiten zituztela konprobatu dugu; alarma egoera amaitu zenean ere jakinarazpenak, gutunak.. gaztelaniaz bidaltzen zituzten".
Behatokiko zuzendariaren iritziz, administrazioek pertsonak hartu beharko lituzkete kontuan: "Euskal hiztunak gutxiago direlako alboratu egiten dira; kasu honetan, euskaraz bizi nahi dutenak alboratzen ari gara, eta euskaraz bizi nahi dutelako ez dituzte eskubide gutxiago; badago zer hobetu". Bestalde, Gaubekak azpimarratu du administrazio publikoek hausnartu beharko luketela pertsonen osasuna bermatzeko hizkuntza ere kontuan izan behar dela.