
Xabier Agirre: "Aldaketa egoera dela argi dago, baina bidea guk erabaki behar dugu"
Xabier Agirre filosofoa da. Bere iritziz, ukaezina da zerbait aldatu dela pandemia honen ondorioz: "Pandemia hau agian ez da gogorrena izan, baina bai globalizatuena, eta horrek aldaketak ekarri ditu".
Filosofoaren esanetan, elkartasuna edota lagunkoitasuna zabalduko zirela zioten pandemiaren hasieran, baina Agirre ez dago seguru hori gertatuko ote den. Zentzu horretan, aldaketa momentua dela azpimarratu du Agirrek: "Zerbait aldatu behar bada, guk aldatu behar dugu. Aldaketa egoera dela argi dago, baina bidea guk erabaki behar dugu. Balio izan digu ikusteko garrantzitsuena ez dela oporrak ahalik eta urrutien egitea, ahalik eta diru gehien izatea, eta beharbada baloratzen ikasi dugu gure bizilagunaren irribarea, goizeko egunona, gure gurasoen ahotsa telefonoen bitartez entzutea.... Espero dugu horrelako gauzak betirako gelditzea, baina ez dakit zer gertatuko den".
Zaintza lanak izan ditu hizpide Agirrek, eta nabarmendu du pandemia garaian negozioa egiten jarraitzen dutela: "Ezkutatzen aritu dira zaharren egoitzetan gertatzen ari dena; zerbait aldatuko da, baina beldur naiz zerbait azalekoa izango ote den". Zentzu horretan, jendartearen zaintzaz edo segurtasunaz ere hitz egin du filosofoak, eta nabarmendu du herritarrak beren bizilagunak zelatatzera bultzatu dituztela: "Herritarrak bizilagunak zelatatzera bultzatu gaituzte eta hori nahiko arriskutsua da". Zentzu horretan, nabarmendu du neurri sanitarioak ez direla debekuen bitartez ezarri behar: "Ze, zer da politagoa debeku hori haustea baino? Ulertzen badugu zertarako den, gogoz errespetatuko duzu, eta autoritate morala izango duzu ondokoari ere errespeta dezala eskatzeko".
Pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, proletario berriak sortu direla azpimarratu du, eta "ekonomia berri" bat sortu dela dio: "Hain langabezia-tasa handia da, edozertara ohitzen ari gara. Prekarietateak agintzen duen ekonomiarantz urratsak ematen ari gara, eta ez dugu onartu behar: lanbide duinak bultzatu behar ditugu, egonkorrak, gazteei etorkizuna eta esperantza transmitituko dietenak".