Skip to main content

Belaunaldi berriak (Gurasoak baino euskaldunago datoz haurrak)

Euskararen egoera gakoak

Ahalegin handia egin du herri honek euskalduntzearen alde eta bereziki haurrak euskaldun hazteko. Bai etxean eta baita eskolan ere. Belaunaldi berriekiko ahalegin hau berezia da gurean. Hizkuntza askok honetantxe dute arazoa etorkizunera begira: gurasoek hizkuntza menderatzailea transmititzen diete ondorengoei bertakoa baztertuta. Eta jakina, belaunaldi berriek hizkuntza ikasten eta erabiltzen ez badute honek ez dauka etorkizunik.

Gurean ere indar handiz ezagutu dugu joera hori: euskaldun batzuk, seme alabei erdara erakusten zieten garaiak ez dira hain urrunak. Izan ere, zertarako erakutsi seme-alabei euskara, sofritzeko besterik balio ez zuen bazterreko hizkuntza hori?. Egoera hori arrunta zen, adibidez, XX. mende hasieran edo erdi aldean, lan bila gune urbano eta industrialagoetara jotzen zuten euskaldunen artean bereziki.

Duela 50 urtetik hona, ordea, guraso euskaldun gehienek ahalegina egiten dute seme-alabak euskaldun hazteko. Gainera, euskaldunak ez diren guraso asko ere saiatzen dira seme-alabak euskalduntzen, irakaskuntzan eredu euskaldunak aukeratuz. Datu guztiak bat datoz horretan: belaunaldi berriekin euskaraz aritzeko ahalegin berezia egiten dute euskaldun askok eta askok.

Orokorrean, beraz, gaur egungo haurrek euskara gehiago jasotzen dute etxean eta eskolan gurasoek jaso zutena baino. Gurasoak baino euskaldunago datoz haurrak.

Euskaraz gehiago aritzen dira haur eta gazteak gaur egun, zaharrak baino. Ezaugarri hau ere indargunea dugu, euskararen aldeko jarrerarekin batera. Eta ezaugarri honek ere ezberdin egiten gaitu nazioarteko hizkuntza gutxitu gehienen aurrean. Azken hamarkadetako euskalduntze-ahaleginaren emaitza esanguratsuenetakoa dugu hori, esanguratsuena ez bada.

Hamaika Telebista