Skip to main content

Lurraldea eta nagusitasuna (Testuinguruak ez dira neutroak)

Euskararen egoera gakoak

Soziolinguistikoki oso ezberdinak diren lurraldeetan bizi dugu euskara: euskarak pisu oso txikia duen herriak daude eta baita, bizitzaren alor batzuetan sikiera, euskara nagusi den herriak ere.

Euskara nagusi duten auzo, herri eta eskualdeei arnasgune deitzen diegu. Bertako etxeetan eta kaleetan euskara entzuten da erdara baino gehiago, eta bertako hiztun gehienek euskaraz erdaraz baino errazago egiten dute.

Herri edo auzo batean nagusi den hizkuntzak zeharo baldintzatzen du bertako dinamika soziolinguistikoa. Adibidez, ez euskaraz ez gaztelaniaz ez dakien familia saharar edo alemaniar bat heltzen da Azpeitiara, Ondarroara edo Arantzara, hau da, euskararen arnasgune batera. Gaur egungo baldintzetan, ingurune euskaldunak eraginda, familia horretan jaiotako haur batek, normalean, euskaraz gaztelaniaz baino errazago egingo du 12 urteak betetzerako, eta erabili ere gehiago erabiliko du euskara. Familia hori bera Bilbo, Gasteiz edo Iruñera joan izan balitz bizitzera, ordea, haurrak gaztelaniaz gehiago eta errazago egingo luke adin horretan.

Testuinguruak ez dira neutroak: ingurune batzuk euskararen alde bultzatzen dute, eta beste batzuk erdararen alde. Bestela esanda, arnasguneetan euskaraz bizitzea, norabide berean doazen eskailera mekanikoetan gora egitea bezalakoa da; erdara nagusi den eremuetan euskaraz bizi nahi izatea, aldiz, kontrako norabidean datozen eskaileretan gora egiten saiatzea bezalakoa. Indar handia egin behar da eskailerak dakarren kontrako norabidea berdintzeko eta are handiagoa eskaileran gora egiteko.

Kontua da testuingurua oso kontrakoa dugula: hamar euskal hiztunetatik 9 erdara nagusi den udalerrietan bizi dira, eskailera mekanikoak kontrara dituzten herrietan. Herritarren %4 besterik ez da arnasguneetan bizi dena, eskailera norabide egokian doan udalerrietan.

Euskararen egoera negatiboki baldintzatzen duen funtsezko faktorea da lurralde mailan euskarak duen ahultasuna. Euskara nagusi duten udalerriek oso pisu txikia dute osotasunarekiko. 10 biztanletik 9 inguruneak erdalduntzen duen tokian bizi da.

Hamaika Telebista