Irati Agirreazkuenaga, kultur aditua: “Doako 13 emanaldiz gozatu ahal izango da ‘Kultura plazara’ ekimenean”
Gure begiz
Datozen egunetako kultur agendari begiratuko diogu Irati Agirreazkuenaga kultur adituarekin. Uztailaren 4an hasiko den Kultura plazara ekimena izan du hizpide. Abuztuaren 31ra arte, doako 13 emanaldiz gozatu ahal izango da, eta Euskal Herriko taldeez gain, Madrilgo, Aragoiko eta Kataluniako artista eta konpainiak ere ikusi ahal izango dira: dantza, txotxongiloak, zirkua, antzerkia, musika… Uztailaren 4an, 19:00etan, Santa Maria plazatik hasiko den ‘Menu’ ikuskizunak emango dio hasiera jaialdiari.
Malen Agirreren ‘Kolorea, estanpazioa eta pintura’ erakusketa ikus daiteke dagoeneko Donostiako Aiete Kultur Etxean, eta irailaren 27ra arte bisitatu ahal izango da. Agirrek mundu digitalean eta artisautzaren artean egiten du lan, eta estanpazio diseinatzaile gisa egiten du lan. Diseinatzea da bere pasioetako bat, eta pasio hori pinturarekin uztartzen du: “Koloretik hasita, hizkuntza estetiko baten bila ibiltzen da etengabe, publikoari kezka, eta aldi berean, gozamena transmitituz”, dio Agirreazkuenagak.
Zarauzko Kalerki antzerki jaialdiaren 30. edizioa ere ospatuko da uztailaren 4tik 7ra, eta egitarau anitza eta gozagarria antolatu dute publiko guztientzat. EHZ jaialdiaren 27. edizioa izango da, bestalde, asteburu honetan, eta Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat musika talderen kontzertuez, tailerrez, hitzaldiez eta dokumental proiekzioez gozatu ahal izango da, besteak beste.