Peruko Hezkuntza ministroa protestetan hildakoei buruz: “Giza eskubideak pertsonentzat dira, ez arratoientzat”
Gure begiz
Nazioartera begira jarri gara Vero Satrustegi kazetariarekin.
Alde batetik azaldu digu Peruko Hezkuntza ministroa jomugan dagoela berriz ere, hilaren 11n egindako deklarazio batzuengatik. Ekitaldi ofizial batean, Piura kostaldean, kazetari batek galdetu zion zergatik ez zuen Dina Boluarteren Gobernuak bere iritzia eman 2022ko eta 2023ko protestetan hildakoen inguruan, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren baitan. Ministroak zera esan zion: “Giza eskubideak pertsonentzat dira, ez arratoientzat”. Honek haserrea piztu du eta kargua uztea exijitu diote beste alderdi politikoetatik.
Bestalde, AEBk beste urte batez mantendu du Kuba terrorismoa babesten duten herrialdeen zerrendan. Kubak kategoria bera du Ipar Korearekin, Iranekin eta Siriarekin, eta Washingtonek nazioarteko terrorismo ekintzak behin eta berriz babestea leporatzen die herrialde horiei. 2021eko urtarrilean Kuba zerrendan sartzea izan zen Donald Trump errepublikanoak bere lehen agintaldian boterea utzi aurretik hartu zuen azken erabakietako bat.
Hirugarren albiste bat ere aipatu digu Satrustegik. Mexikon Operación Limpieza deiturikoa aktibatu dute. Legez kanpoko merkataritzaren aurkako operazioak Sonoran milioi bat salgai merkatutik ateratzea lortu du.