Skip to main content

16 urteren ondoren Haurreskolak Partzuergo Publikoko lan hitzarmena sinatu du LABek

Ekonomia

Ane Garitaonandia

2025, ots. 11 - 08:02

2026ko abenduaren 31a arte iraungo du hitzarmenak eta indarrean jarraituko du berri bat sinatu arte. Gauzak horrela, otsailaren 12rako eta 13rako deitutako grebak bertan behera geratu dira.

LABek azaldu duenez, hitzarmenenean, besteak beste, urteko lanaldian 100 orduko jaitsiera jasotzen da, lan zama arintzeko hainbat neurrirekin batera. Gainera, ikasturtean 6 jai egun gehiago izango dituzte 2025-2026 ikasturtetik aurrera. Erosahalmena berreskuratzeri dagokionez, kudeaketa alorreko langileen soldatak administrazio orokorrekoekin parekatuko dira. Aseguruen primak igo eta lana eta bizitza uztargarri egiteko hainbat lizentzia eta baimen berri ere lortu dituzte, Hezkuntza saileko hezitzaileek dituztenekin parekatuz. 
Gaineratu dute lan osasunean hobekuntzak, berdintasun protokoloak eta formakuntzan hobekuntzak ere jaso direla. Hezitzaileen lanpostuen zerrenda 64 lanpostutan handituko da, behin behineko kontratu kopuru hori estrukturala bilakatzea lortu dutelako. Horrez gain, behin behinekotasun tasa gehienez %5era mugatzea jasotzen da eta hurrengo oposizio eredua negoziatu eta adostea. Ordezkoen araudi berria adostea eta lan hitzarmenean jasotzea lortu dute, baita behin behineko lanpostuak telematikoki betetzeko aplikazioa (ordezkagunea) 2025eko irailaren 1etik martxan jarriko dela jasotzea ere.

Bestalde, garaipenak ez die soilik lan baldintzei eragiten, haurrei ematen dieten hezkuntza zerbitzuan eragina izango du, 0-3ko dekretuak zehazten dituen ratio murritzak alboratu dituztelako.

Steilasek bere aldetik ez du lan hitzarmena sinatu. Uste du gabeziak dituela eta aldarrikapenei erantzuteko eduki nahikorik jasotzen ez duela. 

ELAk ere kritikatu du hitzarmena, "akordioak ez dituelako grebetako edukiak jasotzen".

Kalitatezko edukiak bermatu eta erronka berriei aurre egiteko zure babesa behar dugu.

Hamaika Telebista