Skip to main content

Gases Oxinorte hiru hilabeteko gaueko itxierarekin zigortu du Barakaldoko Udalak

Ekonomia

2024, aza. 26 - 13:11
Barakaldoko Udalak aste honetan hasiko du Gases Oxinorteren aurkako zehapen prozesua. Honela, enpresa gauez hiru hilabetez itxita egongo da zarataren legearen arau-hauste larri batengatik, lantegiak joan den abuztutik egiten dituen zaraten ondorioz. Garapen Iraunkorraren eta Ingurune Naturalaren Arloak lantegia 23:00etatik 07:00etara itxita egotea eta 11.800 euroko isuna ordaintzea proposatzen du. Oxinortek orain 15 egun ditu beharrezkoak ikusten dituen alegazio, agiri edo informazio guztia aurkezteko. Enpresaren ekoizpena gauez etetea izan da hain zuzen, bizilagunen eskaeretako bat, abuztuaren amaieratik zarata dela eta euren atsedena kaltetua izan dela argudiatuz. Zaratak abuztuan hasi ziren lantegiak mantentze lanak egiteko egin zuen etenaldiaren ondoren. Ekoizpenari berriro ekin ziotenean hasi ziren zaratak, eta nahiz eta Oxinortek lantegia akustikoki isolatzeko lanak egin dituen, Lutxanako bizilagunek lantegitik zetorren txistu etengabea pairatu behar izan dute. Barakaldoko Udalak ziurtatu duenez, dituen tresna juridiko eta legal guztiak erabiliko ditu, arazo honi ahalik eta lasterren amaiera ematen saiatzeko.
Hamaika Telebista