Greba egingo dute ikuskizunetako langile eta teknikariek ostiral honetan, lan baldintza duinak aldarrikatzeko
Ekonomia
Maite de Felipe Suso eta Mikel Lopez de Ciordia
Ikuskizunetako langile eta teknikariek greba egingo dute ostiral honetan, maiatzaren 15ean. Lanuztea egiteko arrazoiak “asko” direla adierazi dute Teknikariok sindikatuko kideek. Esaterako, egutegi finkorik gabeko sektorea da eta hori dela eta, enpresetatik beti exijitu izan diete malgutasuna edozein aldaketaren aurrean. Era berean, adierazi dute ohikoa dela igandeetan zortzi ordu baino gehiagoko jardunaldiak izatea eta horregatik, lanbidearen "erregularizazioa" ezinbestekotzat jo dute.
Sindikatuaren arabera, honen guztiaren errua administrazioarena eta enpresena ere bada. Hain zuzen, azaldu dute enpresek "praktika txarrak" aldatu behar dituztela eta haien bezeroak "hezi". Ildo horretan, gaineratu dute enpresa hauen bezeroa askotan administrazioa bera izaten dela.
Horiek horrela, zenbait kontzentrazio egingo dituzte ostiral honetan: Bilbon, Arriaga plazan; Donostian, Victoria Eugenia antzokian; Leioan, Umore Azokan eta Gasteizen berriz, asteburu honetan egingo duten Bat Batean jaialdian. Azken honetan, egun osoko jarduna bertan behera uztea “logistikoki ezinezkoa” zaiela azaldu dute. Beraz, etenaldia egingo dute 21:00etatik 22:00ak arte.
Sindikatuko kideek jendeak greba babestea espero dute; izan ere, “momentu historikoa da sektorean”, lehen aldiz egingo baitute halako lanuztea. Era berean, langile zein zaleei “erantzukizunerako deia” egin diete, eta eskatu diete “ez daitezela ikusle gisa joan eta eserlekuak hutsik uzten saia daitezela”. Nacho Vegasek ere grebarekin bat egin du eta ostiralean Kafe Antzokian eskaini behar zuen kontzertua bertan behera utzi du.

















