Skip to main content

Konkurtso administratzaileak bertan behera utzi du Tubos Reunidoseko EEE eta lan egiteko eskatu die

Ekonomia

Maite de Felipe eta Mikel Lopez de Ciordia

2026, eka. 02 - 13:06

Tubos Reunidoseko Enplegu Erregulazio Espedientea indargabetu du konkurtso administrazaileak eta abuztura arteko soldatak bermatuta daudela jakinarazi die langileei. Astelehen honetan batzartu dira enpresaren aurreko gidariak eta langileak; bertan, beharginei jakinarazi diete zuzendaritzak proposatutako lan-erregulazioa bertan behera geratu dela, eta ez dutela konpainia zatika saltzeko asmorik.

Bileratik “pozik” atera dira langileak. Oier Bidaurraga Amurrioko langile batzordeko kideak azaldu duenez, “gardentasunez” mintzatu dira eta greba eragin zuten erabakiak bertan behera geratu dira, horien artean, altzairutegia ixteko asmoa.

Ildo horretan, konkurtso administrazaileak iragarri du atzera bota dituztela enpresak bere garaian eskainitako kaleratze adostuen baldintzak. Izan ere, zuzendaritzaren arabera 200 langilek baino gehiagok sinatu zituzten erretiro aurreratuak eta kaleratze ordainduak.

Bestalde, sindikatuek “zuhur” jokatzeko deia egin dute, gogoratu baitute helburua inbertitzaile bat lortzea den arren, momentuz ez dutela ezer lotuta.

Horiek horrela, bi aldeek komunikatzeko prestutasuna erakutsi dute eta administratzaileak, bere aldetik, gauzak aldatuz gero langileei horren berri emango diela azaldu du. Momentuz, hilabetean behin batzartzeko konpromisoa hartu dute.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista