Osasunbideko eta Osakidetzako medikuek greba egingo dute, azken orduko aldaketarik ez bada
Ekonomia
Maite de Felipe eta Mikel Lopez de Ciordia
Osasunbideko eta Osakidetzako medikuek hurrengo astean grebara joko dutela iragarri dute, azken orduko aldaketarik ematen ez bada. Izan ere, langileak Espainiako Osasun Ministerioak onartutako esparru estatutuaren aurka daude; medikuen oinarrizko baldintzak arautzeko estatutu propioa beharrezkoa dela azaldu dute. Argi utzi dute, “negoziazioetan aurrerapausorik ez badago, grebara jotzeaz gain, ez dagoela beste alternatiba askorik”. Alabaina, gaineratu dute denbora “luzea” daramatela lan baldintza hobeak aldarrikatzen eta horrenbestez, EAEko medikuen plataformaren eta MUD Beren Eskubideen Alde Batutako Medikuak elkarteko ordezkariek iragarri dute “agian uda ondoren greba mugagabea egingo dutela”.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako medikuek agerraldia egin dute ostegun honetan, eta oraingoan, aurrekoetan ez bezala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari zuzendu dira; langileen hitzetan, “gure eskaera nagusiak hemen konpondu behar dira”. Ildo horretan, azpimarratu dute haien aldarrikapen nagusiak ez direla soldatari buruzkoak eta ohartarazi dute “gero eta mediku gutxiago egongo direla lan baldintza horietan jarduteko prest”.
Bestalde, aste honetan Iruñean Nafarroako osasun sistema publikoko beharginek lan baldintzak hobetzeko manifestua aurkeztu dute. Nabarmendu dute “ezinbestekoa” dela kudeaketan aldaketa “sakona” egitea eta ildo horretan, plantillak indartzea, lan baldintzak hobetzea eta sistemaren inbertsioa zein modernizazioa beharrezkoak direla azaldu dute.

















