Bolintxu haraneko Supersur-eko proiektua gelditzeko eskatu du Supersur Handitzeari Ez plataformak
Gurean Gaur
2019, urt. 28 - 16:01
Supersur Handitzeari Ez plataformak manifestazioa egin zuen larunbatean, Aldundiak aurrera eramandako proiektuaren gabeziak mahairatzeko, eta Bolintxu haranean egitekoak diren lanen desegokitasuna salatzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko metropoliko hegoaldeko saihesbidea edo Supersurra, 2003an onartu eta orain dela zazpi urte jarri zen martxan. Aldundiaren aurreikuspenen arabera, errepideak 24.000 ibilgailu hartuko zituen egunero, eta bestelako autobiak erabat askatuko zituen. 800 milioi euro eta hamarkadetako lana eta gero, aurreikusitako ibilgailuen erdiak erabiltzen du hegoaldeko saihesbidea, eta A-8ko auto-ilarak ohikoak izaten jarraitzen dute. Gauzak horrela, Aldundiak, Pagasarri inguruko Bolintxu haranean hegoaldeko saihesbidea handitzeko proiektua martxan jarriko du. 200 miloi euroko aurrekontuarekin, Arnotegi mendiaren azpiko tunela eta Bolintxu ibaiaren gaineko 174 metroko biaduktua eraikitzea izango da helburua, 4,7 km-ko luzeera izango duena.