Pandemia sekulako eragina izaten ari da Euskal Herriko hainbat enpresatan
Gurean Gaur
Gasteizeko Mercedes lantegiak ekoizpen txikiagoarekin hasiko du 2021.urtea; enpresak adierazi du ahal den neurrian neurri zorrotzagoak saihestu nahi dituela, bi ekoizpen-txandatara zuzenean martxan jartzea, esaterako. 2021eko lehen hiruhilekoan hiru txanda mantentzea erabaki dute, eta horietako baten lan-erritmoa murriztuko dute, lantegiaren "ekoizpen-ahalmena doitu" eta 2021ean 131.500 furgoneta egitea helburu. VolksWagenek aldi baterako enplegu erregulazioa ezarriko duela nabarmendu du. "Motore eskasia" dutela azaldu dute eta ezin diotela ohiko ekoizpenari eutsi. Bestalde, Sestaoko Naval ontziolako langileen kaleratzea berretsi du Auzitegi Gorenak. EAEko Auzitegi Nagusiak kontratatuak etetea baimendu zuen iaz. CAT, ELA eta CCOO sindikatuek helegitea jarri zuten, baina Auzitegi Gorenak baztertu egin du epai hura baliogabetzea. Ebazpen horren aurka ezin daiteke ohiko bidetik helegiterik jarri. Beraz, Auzitegi Konstituzionalera eta, ondoren, Europara jotzea beste aukerarik ez dute sindikatuek.