Navarrabiomedeko langileek hitzarmen duina eskatu dute
Euskal Herria
Gaizka Leitza Alduncin
Navarrabiomed–Miguel Servet Fundazioko Langileen Batzordeak elkarretaratzea egin du Iruñean, Nafarroako Jauregiaren aurrean. Mobilizazioaren bidez, batetik, ikerketa biomediko publikoan egiten duten lana ezagutarazi nahi izan diete herritarrei, eta bestetik, langile guztientzako lan-baldintza duinak eskatu dituzte.
LABeko bederatzi ordezkarik osatutako batzordeak aldarrikapenak zuzenean Nafarroako Gobernuari helarazi nahi izan dizkio. Izan ere, Navarrabiomed fundazio publikoak 40 urteko ibilbidea badu ere, plantillak oraindik ez du hitzarmen kolektibo propiorik.
Langileen arabera, hiru urte daramatzate ikerketa biomedikoaren berezitasunak jasoko dituen hitzarmena negoziatzen, baina prozesuak ez du aurrera egin. Horregatik, elkarrizketa mahaia desblokeatzea eta akordioa gauzatzeko beharrezko baliabideak bermatzea eskatu diote gobernuari.
Aldi berean, sinadurak biltzen ari dira herritarren artean, aldarrikapenari babes soziala emateko. Azaldu dutenez, lan-baldintza egonkorrak eta bidezkoak ezinbestekoak dira talentua erakartzeko eta kualifikatutako profesionalek Nafarroa uztea saihesteko.
Batzordeak azpimarratu du, gainera, ikerketa biomediko publiko sendoak eragin zuzena duela osasun-sistemaren kalitatean, gaixotasunen prebentzioan, diagnostikoan eta tratamenduan aurrerapenak sustatzen dituelako.
Horregatik, 2027ko Nafarroako aurrekontuetan hitzarmena gauzatzeko behar diren baliabideak jasotzea eta gobernuaren inplikazio politikoa eskatu dituzte.

















