Skip to main content

‘9 egun, 10 urte, 11 borroka’ lelopean ospatuko dituzte Herri Sanferminak

Gizartea

Gaizka Leitza eta Leire Llano

2026, eka. 12 - 14:06

Ostegun honetan Herri Sanferminek uztailaren 6tik 14rako prestatu duten egitaraua aurkeztu dute Iruñean.

Aurten, ‘9 egun, 10 urte, 11 borroka’ lelopean, 10 urte betetzen dira 2016an, Gora Iruñeak urteetan jai herrikoien alde egindako lanari esker, lehenengo Herri Sanferminak ospatu eta berriz ere txoznak Iruñeko erdigunean jartzea lortu zutenetik.

Nora Gonzalez Herri Sanferminetako kideak azaldu du egitarau “oparo” eta “anitza” prestatu dutela eta horretarako Iruñerriko musika talde berriei oholtzara igotzeko aukera emateko lehiaketa egin dute. Lehiaketara aurkeztutakoetatik egunero talde batek joko du, baina Gonzalezek azaldu du gainontzeko taldeak kontuan izango dituztela datozen urteetarako. Naxker, Zinez, Barniz eta Mirua taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango dute herritarrek, beste askoren artean. DJ eskaintza zabala izango dute ere, DJ Primo Lu, DJ Muffin eta DJ Pibikens, esaterako. Egunero ‘arrats antitaurinoak’ egingo dituzte ere, zezenketei planto egin eta alternatibak eskaintzeko. Gonzalezek azpimarratu du “auzolana dela Herri Sanferminetako balio nagusienetakoa” horregatik, aurten berritasun bezala, uztailaren 14ean auzolanarekin hasiko dira eta jendea animatu dute “auzolanera hurbildu eta ondorengo bazkari herrikoiera”.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista