Arantza Zulueta eta Jon Enparantza espetxean sartu dira
Gizartea
Gaizka Leitza Alduncin eta Leire Llano
Martuteneko kartzelan sartu dira ostegun honetan Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak. Espainiako Auzitegi Nazionalak urtarrilaren 28an eman zuen hauek espetxeratzeko agindua, Espainiako Auzitegi Gorenak aurretik ezarritako kondena berretsi ostean. 13/13 auziaren baitan zigortu dituzte Zulueta eta Enparantza, euren abokatu lanetan ETAren esanetara aritu izana leporatuta.
Otsailaren 3an iragarri zieten behin jakinarazpena jasota hamar eguneko epea zutela kartzelan sartzeko, eta hori bete ezean bestelako neurriak hartuko zituztela.
Martutenen bete beharko dituzte Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorrak, hala nola, zazpi urte eta erdi Zuluetak eta lau urte Enparantzak.
2022an hasi zuten 13/13 auzia, ETAk bere jarduera eten eta hamar urtera. Epaiketa honetan, Saioa Agirre, Nerea Redondo, Julen Zelarain, Iker Sarriegi eta Naia Zuriarrain abokatuak ere auziperatu dituzte, nahiz eta Agirre, Redondo eta Zelarain absolbitu izan.

















