Asteazken honetan hasiko da 2026ko Euskarabentura
Gizartea
Leire Llano Ibarrola
Asteazken honetan hasiko da Euskarbenturaren zortzigarren espedizioa, Atharratzetik Getxora. Hilabete iraungo du, eta Euskal Herriko zein diasporako 130 gazte euskaldunek hartuko dute parte ‘Jzioki dugu’ (lortu dugu, piztu dugu) lelopean.
Euskarabenturak gazteen euskararen erabileran eragitea du helburu 2018an sortu zenetik: gazteek euskara bizipen “positiboekin” lotuko zituen esperientzia “ahaztezina” izatea. Urtez urte gazte asko batu dira sare honetara, eta antolatzaileek nabarmendu dute espedizioari “indartsu” ekingo diotela sare hori “eraikitzen eta trinkotzen” jarraitzeko xedearekin.
Parte-hartzaileek ‘Jizioquitar’ izena hartzen dute euskararen aktibazioan giltzarri direlako, eta ez dute dirurik ordaintzen. Alderantziz, gazteen interesari eta egindako lanari esker irabazten dute plaza. Hain zuzen, aurten 264 gaztek aurkeztu dituzte lanak ‘Zer da euskalduntasuna?’, ‘Ametsak egia bihur daitezke?’ eta ‘Zein garai historikora joan nahiko zenuke?’ galderei erantzunez, eta horietatik 130 aukeratu dituzte.
Aurreko edizioetan bezala, Donejakue bidearen frantses bidea, kostakoa eta barnealdekoa hartu dituzte aintzat ibilaldia diseinatzeko, baina bidean moldaketak egin eta Euskal Herriko txoko berriak ezagutuko dituzte. Adibidez, Sakana gurutzatuko dute lehenbizikoz eta Irurtzun, Arbizu eta Olazti bisitatuko dituzte. Bizkaian ere lehenbizikoz Ondarrun egingo dute geldialdia. Guztira 650 kilometro egingo dituzte, iaz baino 120 gutxiago. Oinez, ordea, 100 kilometro gehiago egingo dituzte, 500 inguru. Batezbeste egunean 17-20 kilometroko etapak egingo dituzte abenturan parte hartuko duten gazteek.

















