Atlantikoan bizitza galtzen dutenen omenez batuko dira Euskal Herria eta Kanariar Uharteak Urmugaren Urtantaren zazpigarren edizioan
Gizartea
Maria Blanco Martin
Urmugaren Urtanta ekimenaren zazpigarren edizioa aurkeztu dute astelehen honetan Irunen. Mendia eta musika uztartzen dituen egitasmo artistiko eta herrikoi hau hainbat berezitasunekin itzuliko da. Aurtengo edizioak Atlantikoan bizia galtzen duten migranteak izango ditu ardatz, eta, horretarako, Kanariar Irlekin elkarlanean ekimen artistiko bat jarriko dute martxan.
Muga administratibo eta fisikoek pertsona migratzaileentzat dakarten oztopo “gaindiezina” ikusarazteko asmoz, elkartasun mezu unibertsala eskainiko dute bi zatitan. Lehenengoa maiatzaren 24tik aurrera izango da: espedizioak La Palma uhartea zeharkatuko du eta maiatzaren 30ean El Hierron amaituko du ibilbidea. Itsasoan bizitza galtzen duten migratzaileen omenez egingo dute musikaz beteriko ekitaldi hori.
Bigarren zatia Euskal Herrian egingo dute, uztailaren 17tik 25era. Aurten, Hego eta Ipar Euskal Herriko muga administratiboa igarotzean bizitza galtzen duten migratzaileen memoriak garrantzi handia hartuko du, eta hainbat kontzertu egingo dituzte Bidasoa inguruko herrietan. Ekimena Araba eta Bizkaira ere hedatuko da; Artomaña eta Delikara, esaterako, baita Urduñara ere. Kontzertuetarako sarrerak ekainaren bukaeratik aurrera izango dira eskuragarri ekimenaren webgune ofizialean, urmuga.eus-en, alegia.

















