Aurtengo udan Bernedoko udalekuak egingo direla baieztatu du Euskal Udalekuak elkarteak
Gizartea
Maite de Felipe eta Mikel Lopez de Ciordia
Asteazken goizean El Correok zabaldu zuen Arabako Foru Aldundiak debekatu egin dituela udalekuak, eta ostiral honetan azalpenak emango dituela aldundiak Arabako Batzar Nagusietan. Hala ere, Euskal Udalekuak elkarteak argitu du Arabako Foru Gobernuak Sarrea elkarteari -Euskal Udalekuak taldearen barruko elkarteari-, txosten administratiboa zabaldu ziola. Horren ondorioz, aurtengo udalekuak ezin izango ditu Sarreak antolatu, baina Euskal Udalekuak elkartearen barne dagoen beste talde batek kudeatuko ditu. Berretsi dutenez, gainera, dokumentazio guztia jada bidali dute.
Bernedoko udalekuen inguruan polemika piztu zenean Arabako Aldundiak prozedura administratiboa abiatu zuen Sarrearen aurka. Orain, duela aste batzuk, zigor administratiboa ezartzea erabaki du. Dena den, Euskal Udalekuek jakinarazi dutenez, helegitea jarriko diote ebazpenari, zigorra “neurrigabea” delako.
Pasa den urtean Bernedoko udalekuetan parte hartu zuten hainbat haurren gurasoek bertan egiten ziren hainbat ekintzen aurka egin zuten, esaterako dutxa mistoen erabileraren kontra. Udalekuetako hezitzaileen erantzuna, berriz, Bernedo feminismoan oinarritzen zela izan zen, eta bertan aukera ematen dutela “gorputzak normalizatzeko, estigmak hausteko eta lotsa eta sexualizazioa askatzeko”. Era berean, hezitzaileen aurkako “jazarpen kanpaina” salatu zuten, sare sozial zein kaleetan zehar.


















