Skip to main content

Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute Herri Urrats jaian

Gizartea

Ane Urkola Agirrezabala eta Gaizka Leitza Alduntzin

2026, Maiatza 11 - 13:05

Milaka euskaltzale batu dira Herri Urrats jaian, eta jendetza bildu da Senpereko lakuaren ertzean antolatutako 7 guneetan. Lortutako dirua Donapaleun (Nafarroa Beherea) eraikiko den lizeo berria finantzatzeko izango da.

Arratsaldean lehertutako ekaitzak ez du festa eta aldarrikapen giroa eten eta askotariko ekitaldiez gozatzeko aukera izan da bertan. ‘Geroa eraikiz, laku bat orroka’’ lelopean ospatu dute jaia, eta hain zuzen, orro ozenak nagusitu dira Senperen: baliabide gehiago eskatu dituzte Ipar Euskal Herriko ikastolentzat eta azterketak euskaraz egin ahal izateko eskubidea aldarrikatu dute Etxepare lizeoko ikasleek. Araba gunean egindako ekitaldian, berretsi dute desobedientziara joko dutela eta euskaraz erantzungo dutela baxoko matematikako azterketa, 2020ra arte egin zuten bezala.

Parisi presioa egitea da helburua, eta horretarako, mobilizazio soziala zein instituzionala uztartuko dituzte. Peio Dufau EH Baiko diputatuak adierazi du Hezkuntza Ministeritzarekin elkartuko direla 10 egun barru gaiaz hitz egiteko. Iragarri dute manifestazioa egingo dutela ekainaren 6an Bordeleko errektoretzaren aurrean eta euskaltzale guztiei bertaratzeko deia egin diete, euskarak bizi duen "inboluzioari" aurre egiteko.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista