Bullet Team Series zesta punta txapelketaren bigarren edizioa hasiko da irailaren 12an
Gizartea
Maite de Felipe Suso
Bullet Team Seriesen bigarren edizioa Markinako Uni frontoian jokatuko da. Hala azaldu dute astearte honetan egindako aurkezpen-ekitaldian. Taldeka antolatzen den zesta-puntako txapelketa erdi profesional hau Guuk eta Jon Zabalak, zesta punta jokalariak, antolatu dute. Adierazi dutenez, helburu argi bat du txapelketak, zesta-punta gazteengana iristea.
Irailaren 12tik urriaren 11ra bitarte jokatuko dira partidak eta sei taldek hartuko dute parte. Bakoitzean lau pertsona egongo dira, bi neska eta bi mutil. Gainera, kapitain gisa jokalari profesional bat izango dute. Horien artean daude Joseba Zuluaga, Atain, Antxon Alberdi, Urbieta, Roberto Lekue eta Mikel Elkoro.
Ligaxka bakoitzeko finalak emitituko dira Hamaika Telebistan, asteazkenetan, irailaren 17an, 24an eta urriaren 8an, eta final handia urriaren 15ean, 22:00etatik aurrera.