Skip to main content

Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundea (1940 -1945) sortu dute

Gizartea

2025, mar. 24 - 12:03
Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundea (1940-1945) sortu dute, kontzentrazio-esparru nazionalsozialistetan izan ziren euskal 253 deportatuen oroimena sustatzeko. Azaldu dute beraien ondorengoekin harremanetan jarri nahi dutela, deportatuen memoria jaso, partekatu eta orain artean izan ez duten errekonozimendua jaso dezaten.

Aurten 80 urte beteko dira azken euskal herritarren taldea kontzentrazio esparru naziengandik askatu zutenetik eta aldarrikatu nahi izan dute bertan izan zirela ere Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa jatorri eta bizileku izan zuten pertsonak. Anton Gandarias koordinakundeko Lehendakariak eman duten prentsaurrekoan azaldu du guztira, 253 deportatu izan zirela. Horietatik 113 hil zituzten, eta 125 salbatu ziren. Esan du Mauthausengo kontzentrazio-esparrua dela eremurik adierazgarriena euskaldunen deportazioan.

Kolektiboak deportazioari buruzko ekitaldi desberdinak sustatuko ditu; hala, deportazioa pairatu zuten pertsonen aldeko Egia, Justizia eta Erreparazioa aldarrikatu nahi dute.

Gogora institutuarekin batera ‘Deportazioaren Memoria 1945-2025’ proiektua sustatuko da. Dagoeneko abian dauden beste ekimen batzuk ere aipatu dituzte, besteak beste ‘Hradistko. Txikoria-belarrak loratzen ez zirenean’ (Hradischko 1945Flossenburg lan-taldea) eta Mauthausenetik haratago (Amical de Mauthausen) erakusketak edo maiatzean deportazioaren biktimei eskainiko zaien omenaldia.
Hamaika Telebista