Skip to main content

Donostiako Udalak debekatu egin ditu Kaleko Afari solidarioak

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, uzt. 28 - 15:07

Donostiako Udalak debekatu egin ditu Kaleko Afari solidarioak. Astelehen honetan jakinarazi dio erabakia Kaleko Afari Solidarioak ekimenari. Azken sei urteotan, ehunka boluntarioren laguntzaz, egunero afariak banatu dizkie kalean bizi diren pertsonei.

Ekimenaren arabera, atzo arratsaldeko zortzietan Udaltzaingoa afari guneetara bertaratu zen, boluntarioei astearte honetatik aurrera afariak banatzea debekatuta dagoela jakinarazteko. Salatu dutenez, sinatu eta arrazoitu gabeko orri informatibo baten bidez egin zuten, eta ebazpena goizeko 11:00ak arte ez da publikoki ezagutarazi.

Egoera salatzeko agerraldia egin dute. Udal Gobernuari errespetu eta arduraz jokatu ez izana leporatu diote, izan ere, diotenez, ez dute aurrez bilerarik edo azalpenik jaso, eta egun batetik bestera 300 pertsona baino gehiago afaririk gabe utzi dituzte. Gainera, salatu dute ez zaiela debekuaren arrazoirik azaldu, eta espedientea ere eurek eskatu behar izan dutela.

Horregatik, Udalari eskatu diote haien lana aitortu eta errespetatzea, eta egoeraren aurrean benetako alternatiba bat eskaintzea. Era berean, elikadura eskubidearen alde eta elkartasun sareari eusteko lanean jarraituko dutela nabarmendu dute.

Jon Insausti Donostiako alkateak, bestalde, adierazi du afariek “egoera okertzen” zutela eta “bizikidetza arazoak” sortzen zituztela. Hala, erabakia datuetan oinarrituz hartu duela defendatu du.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista